{mosimage}
Azokako postuak, ordutegiak eta beste zehazte aldera, atzo egin zuten bilera herriko baserritar, Debemen eta udaleko ordezkariek. Aurtengo baserritar omenduak zeintzuk izango diren ere zehaztu zuten. Iribe baserriko Jose Mari Iraolagoitiak eta Arritxa baserriko Miren Egurenek oroigarri bana jasoko dute azokan burutzen den ekitaldian.
Baina azken urteetan egin den moduan Gaztañerre, ez da azoka edo eguna bera ospatzera mugatuko. Datorren astean hasi eta azaroaren 12ra bitartean baserri bizitzari lotuak dauden tailer, hitzaldi eta eztabaidak antolatu dituzte. Elikagai osasuntsuak eta elikatzeko moduak izango ditu ardatz aurtengo egitarauak. Hala, sasoiko produktuak nola prestatu erakusteko sukaldaritza tailerra eskainiko dute Txurrukako sukaldariek. Umeen jantokietan produktu ekologikoekin lana egiteko beharraz jardungo dute azaroaren 6an, Bidetxior kontsumo elkarteak antolatutako hitzaldira gerturatzen direnak. Urteroko talo ikastaroa aurten ere eskainiko du AEKk, Ibai Eder elkartean.
Azoka eguna azaroaren 10ean izango da
Goizeko 9:00etan Txalaparta eta adar hotsek azokaren irekiera iradokiko dute eta eguerdira bitartean herriko abeltzain, nekazari eta artisauek euren produktuak salgai izango dituzte. Kukumixokoen jolasak eta kale animazioa ez dira faltako eta herriko bazterrak musikaz janzteko asmoz, kalejiran irtengo da txistulari taldea. Talo goxoak dastatzeko aukera eskainiko dute goiz osoan zehar, Plaza Zaharreko karpan eta ohiko herri babajanaren ostetik, erromeria bikaina eskainiko du herriko Xero Xiette taldeak. Gaztetxeak, bere aldetik, herri kirol erakustaldia, desafioa, babajana eta erromeria antolatu ditu. Misio Taldeak zitari hutsik egin gabe, Haitiri laguntzeko goxoak salduko ditu kontzejupean.
Gaztañerre eguna ospatze aldera, azaroaren 12an kantu afaria egingo dute Berbalagunek, euskara ikasleek eta Pil-pileaneko lagunek, Ibai Eder elkartean.
Hemen egitaraua, egunez egun:
GAZTAÑERRE 2012 SORALUZEN
Azaroak 5, astelehena
Sasoiko produktuen sukaldaritza tailerra
Txurrukako sukaldariarekin
Allegro elkartean, 18:30ean.
Izen ematea (mugatua): 5 euro. udala@soraluze.net edo 943753043
Azaroak 6, martitzena
"Jantoki ekologikoa eskolan", hitzaldia
19:00etan, Zinean
Antolatzailea: Bidetxior kontsumo taldea
Azaroak 7, eguaztena
Talo ikastaroa
Ibai Eder elkartean, 19.00etan
Izen ematea: 943751304 edo idatzi euskara@pilpilean.com
Azaroak 10, zapatua
Azoka eguna
09:00etan Azokaren irekiera.
10:00etan Umeendako tailerrak kiroldegiko frontoian (Kukumixo).
11:30ean Txistularien kalejira
Goiz osoan zehar baserritarren azoka, bertsolariak, taloak, gaztaiña erreak, kale-animazioa, kalejira-poteoa...
12:30ean Dantzarien kalejira (Plaza Zaharretik).
13:00etan Sari banaketa eta omenaldia.
15:00etan Herri-babajana karpan.
(Txartelak: Pil-pilean, Iratxo, Arrano eta Gaztelupen)
19:00etan Erromeria Xero Xietterekin, karpan.
Gaztetxean
Herri kirol erakustaldia, desafioa, babajana eta erromeria.
Azaroak 12, astelehena
Gaztañerretako afaria
20:00etan Ibai Eder Elkartean
Izen ematea: euskara@pilpilean.com edo 943751304