Negozio-ideia berriak sortzen laguntzeko tailerra

plaentxia_com 2012ko urr. 29a, 10:18

Enpresa berrien sorrera sustatu asmoz, Debegesa Garapen Agentziak negozio-ideiak landu edota elkarlanean enpresa bat eratu nahi duten ekintzaileei zuzendutako sormen tailerra eskainiko du azaroan. Parte hartzea doakoa da.

 
 
 

Debegesako Enpresa Berrien Sorrerarako Zerbitzuak 150 kontsulta inguru jaso ditu aurten, lan-egoera hobetu nahian autoenpleguaren aukera aztertzen ari diren pertsonena. Pertsona hauen perfilaren dagokionean, gehientsuenak 35 eta 45 urte arteko gizon eta emakumeak  dira, langabezian daudenak.

 

Hala, Debegesa Garapen Agentziak azaroan sormena lantzeko eta negozio-ideiak sortzen laguntzeko tailer trinkoa eskainiko du, SPRIren “Ekiten lagundu” izenburupeko programak babestuta.

 

Tailerra sei egunetakoa izango da eta azaroaren 6an, 7an, 8an, 13an, 14an eta 15ean eskainiko da. Parte-hartzea guztiz doakoa da eta Debabarreneko eskualdean negozio-ideia bat abian jarri nahi duen ekintzaile orori zabalik dago. Bertan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurrez negozio-ideia bat izatea, nahikoa da ekiteko gogoa edukitzea, autoenplegurako motibazioa izatea, alegia.

 

Tailerraren helburua da partaideen sormena eragiten laguntzea, garai berrietara egokitutako negozio-ideia berritzaileak identifikatu eta garatzeko asmoz.

 

Tailerra Debegesan egingo da, Eibarko Azitain Industrialdean, 09:00etatik 13:00etara.

 

Parte hartzeko interesa dutenek ekintzaile@debegesa.com helbidera idatzi behar dute edo 943 82 01 10 (Vanesa Hortas) telefono zenbakira deitu. Plazak mugatuak dira.