Ixa Rodriguez-ek “El conquistador del fin del mundo” programan parte hartuko du

plaentxia_com 2012ko urr. 11a, 15:10

ETBk martxan jartzen duen 9. edizioan hartuko du parte. Gaur abiatu da Patagoniara (Argentina) eta finalera heltzea lortu ezkero, berrogei egun emango ditu bertan. Otsailean hasiko dira lehiaketako saioak emititzen.

 

 

{mosimage}30 urteko soraluzetar gazte honek `El conquistador del fin del mundo´ programan parte hartuko du. Afizioz boxeolaria da, ofizioz kirol jardueren monitorea. Behin bakarrik ikusi du `El conquistador del fin del mundo´ programa, baina Bilbon duen boxeolari taldearekin entrenamendu lanetan ziharduela lagun batek casting-era joatera animatu zuen. “Lasai eta seguru” hautaproben azken egunean egin zuen casting-a eta hamabost egunera telefonoz jakinarazi zioten onartua izan zela. “Boxeolaria naizelako hartu naute. Fisiko zein psikikoki indartsuak diren emakumeak nahi dituzte” dio Ixa Rodriguezek.

Edizio honek zenbat parte hartzaile eta zein ezaugarri izango dituen ez dakien arren, argi du baldintza gogorretan lehiatu beharko duela: “gosea pasatzea, hotza izatea… baldintza gogorrak direla ezin ukatu, baina ez diet beldurrik. Limiteraino eramango gaituztela badakit baina ohituta nago egoera fisiko zein psikiko gogorrei  aurre egiten”. 20. 000 euroko saria dago jokoan eta hori lortze bidean, emakumeen babesa bilatuko du Ixak: “Proba fisiko ugari izaten omen dira eta zentzu horretan gizonezkoek abantailak dituztela uste dut. Hala ere, emakumezkoekin lotura estuak egiteko prest nago eta indar horrek aurrera egiten lagunduko digu”.

Ikus-entzule askok lehiaketako parte-hartzaileak kritikatzeko ohitura dutela badaki baina horren aurrean jarrera serioa du Ixak: “Familia eta lagunak lasai daude eta konfiantza osoa dute nigan. Gainontzekoek zer esaten duten, bost axola! Nire burua oso ondo ezagutzen dut, nire mugak non dauden badakit”. Kamera aurrean jardutea oso gogoko duela eta naturalki arituko dela azaldu du.

Abentura honek, “Patagoniako paraje ikusgarriak ezagutzeko aukera” eskainiko dio soraluzetarrari. “Pertsona moduan aberasteko esperientzia” izango da berarentzat eta “ilusioz” bete du bidaiarako maleta. Zorte on!