Arau subsidiarioak aldatzeko eskatu dute baserri auzoetako bizilagunek

plaentxia_com 2012ko urr. 10a, 15:24

Atzo batu zen Bilduko Udal Gobernua herriko baserritarrekin. Udalaren egoera ekonomikoa zein den zehaztu ostean ekin zioten bizilagunen eskariak jasotzeari. Besteak beste, azaroko euriteek eragindako kalteak eta errepideen egoerak izan zituzten hizpide. Baserri auzoak biziberritzeko arau subsidiarioen aldaketa beharraz ere jardun zuten. Irudian: atzoko bilerara gerturatutakoak

 

Roke Akizuk, Lorea de Castrok eta Mikel Santiagok, ongietorria eman zieten saio aretora gerturatutako hogeita bost bat baserritarrei. Bilera, udalaren egoera ekonomikoa azalduaz hasi zuten. Aurtengo aurrekontua 3.600.000 eurotakoa dela aipatu zuen Akizuk, 2011koa baino %11,10 txikiagoa. Egoera ekonomiko “delikatuaren” ondorioz, baserri auzoetako “lehentasunezko lanak” zehaztu behar izan dituztela gaineratu zuen.

{mosimage}40. 000 euro euritearen kalteak konpontzen

41.581 euro inbertituko ditu udalak iazko azaroko euriteek baserri inguruetan eragindako kalteak konpontzeko. Zehazki, lau konponketa egingo dituzte: Txurruka baserriaren etxe aurreko horma (6.717 euro), Osuma inguruko errekatxoa bideratu eta indartu (11.222 euro), Untzeta aldeko errekatxoko bi hodi elkartu (8.845 euro) eta Aldasoro Etxetxo baserriko luizi eta errekatxoa bideratu (14.797 euro). Baimenak esleituta daudela eta lanak “lehenbailehen” hasteko asmoa erakutsi zuen udalak.

Landa eremua hobetzeko eskaerak

Mendi bideak garbitu dezatela, errepideen bazterrean dauden zuhaitzen adarrak moztea, Ezoziko parkea txukundu eta ermitako losak konpontzea edota suteak ekiditeko paletak banatzea eskatu zieten Bilduko ordezkariei. San Andres auzoan “txakur solte ugari” daudela eta bizilagunak “beldurtuta” daudela iradoki zuten. Udaltzaingoekin berba egingo duela erantzun zuen Udalak. Ezozikoek, “autoak abiadura azkarren ibiltzen direla” eta “arriskutsua suertatu daitekeela” salatu zuten. Sagarrerreka eta Irure auzoko bizilagunek “basurdeen presentzia handiaz” kexatu ziren: “gabeko 22:00etan baserriko atarian ditugu eta ez dakigu zer egin”. Basozainari deitu behar zaiola erantzun zieten.

Arau subsidiarioak aldatzeko beharra

Landa eremua “biziberritzeko behar handia” dagoela azpimarratu zuten bertaratutakoek. Azaldu zutenez, udal ordenantzak jasotzen dituen arau subsidiarioek “baserriaren etorkizuna jarri dute jokoan. Baserrian lanak egiteko trabak jarri besterik ez dute egiten”. Arauak aldatuz gero “baserri batean etxebizitza bat baino gehiago egiteko aukera” izango litzakeela eta ekonomikoki hobetzeaz gain, “familia giroa indartuko” lukeela uste dute. Datuak mahaigainean jarri eta esandakoaren arabera, Soraluzen 85 baserri daude, hauetatik 35 inguru hutsik. Landa eremua garatzeko jarrera azaldu zuten atzo bildutakoek. Udalak “kostu handiko tramiteak” direla baina urtea bukatu aurretik “arauok aldatzeko prozesua hasteko asmoa” duela erantzun zien.