{mosimage}Larraitz Lakuesta Herrira mugimenduko kideak hartu zuen berba lehenengo, berrogeita hamar bat ikusleren aurrean. Bere esanetan, sakabanaketa 1989. urtean sortu zuten “Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) suntsitzeko eta presoen damu-kolektiboa bilatzeko”. Lakuestak emandako datuen arabera, Euskal Herrian 665 preso politiko daude eta hauetatik zortzi daude Euskal Herriko espetxeetan. 498 preso Espainiako kartzeletan sakabanatuta daude, 143 Frantziakoetan. Horrekin batera dispertsioaren ondorioz, hogeita hiru urtean hamasei senide eta lagun kotxe istripuz hil direla ere salatu zuen.
{mosimage}Jarraian Ubane Madera moderatzaileak eman zien sarrera hizlariei. Koldo Kareaga preso ohiak 22 urte eman zituen espetxean eta bera kartzelan zela ezarri zuten dispertsio-politika. Politika horrek “militantea deuseztea eta burua galdu araztea” duela helburu salatu zuen. Senide eta lagunek emandako babesak ordea hasieratik eta urteetan zehar aurrera egiteko balio izan ziotela aitortu zuen.
Iritzi berdinekoa da Peio Etxeberria preso ohia. Etxeberriak 23 urte eman ditu espetxean eta dispertsioak duen alderdirik gogorrenak “komunikazio falta eta bakardadea” direla azpimarratu zuen.
Luis Mari Heriz eta Mikel Argarateren kasuak
Senideen ikuspuntutik emandako testigantzak izan ziren Luis Mari Heriz eta Mikel Argaraterenak. Herizek herriak eskaini zien “babes eta laguntasuna” du gogoan, auto istripuz galdu zuen Asier Heriz semearen heriotza gogoratzean. Uriarte gotzainaren bisita jaso zutela ere aipatu zuen.
Mikel Argarate emozionatu egin zen Regina Maiztegi bisitatzera zihoala izan zuen auto istripuaren ostean Madrilgo erietxean zela lagunek eskainitako babesa gogoratu zuenean. Hilabete eman zuen erietxean eta horrelako egoeretan “detaile txikiak handi” bihurtzen direla nabarmendu nahi izan zuen.
Hizlari denek bat egin zuten presoen egoera aldatzeko “babes sozialari heldu behar zaiola”. Josu Uribetxeberria preso ohiaren kasua salatzeko burutu diren kale ekimenen bideoa jarriaz itxi zuten berbaldia.