Eguazteneko Udalbatzarrak bi gai nagusi izan zituen aztergai. Lehenengo gaia, taxiaren tarifak eguneratzea proposatzen zuena, aho batez onartu zuen udalbatzarrak. Beraz, tarifak %1,9 garestiagoak izango dira aurreratzean. Bigarren gaia berriz, gaixotasun larriak dituzten presoak aske lagatzeko eskatzen zuen mozioari zegokiona izan zen. Mozioan bi alderdion aldeko botuekin onartu zen, Bilduk eta EAJk aurrez adostuta elkarrekin aurkeztu ostean. Idatziak “nazioarteko legedia aplikatuz gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen baldintzapeko askatasuna” eskatzen zuen eta horrekin batera, “erabaki honen berri Madrilgo Barne Ministeritzara eta Kartzela Zaintzako Epaileari bideratzeko” udalaren konpromisoa ere bai. PSEEko zinegotziek mozioaren aurka bozkatu zuten, Espainia pertsonen eskubideak bermatzen dituen estatu demokratikoa dela eta antzeko erabakiak hartzea epaileen zeregina dela argudiatuz.
Kiroldegi gainaren egokitzapena eta erabilera
Eguneko gaiak amaitu ostean, eskari eta galderen atalean, Iker Aldazabal, EAJko ordezkariak hartu zuen berba eta hainbat gairen inguruan galdetu zion Bilduren udal gobernuari. Besteak beste, udalak aldundiarekin kiroldegi gaina egokitzeko adostu duenaren berri emateko eskatu zion. Alkateak erantzun zion, kiroldegi gaina konpondu zenean (EAJren gobernu garaian) ez zela bere erabilera zehaztu eta gainera lanak ez zirela behar bezala egin. Gaineratu zuen, aldundiak konpromisoa hartu duela orain artean jarri barik zegoen igogailua jarri eta dagoeneko hondatzen hasita dagoen zorua lan horiek egiteko ardura izan zuen eraikuntza etxeari konponketak bideratu ditzala eskatzeko. Aldazabalek kiroldegi gainaren erabilera hasieratik zehaztuta zegoela adierazi zuen eta hirigintza batzordearen hurrengo argibideak eramateko konpromisoa hartu zuen.
Enplegu-plana
Uholdeengatik eskatutako kreditua
Udalak uholdeek eragindako kalteak konpontzeko eskatutako 160.000 euroko kredituaren inguruan ere galdetu zuen EAJko ordezkariak. Uholdeen konponketa gastua txikitu eta horrekin batera aldundiari diru funtsera ordaindu beharreko zenbatekoa gehituta 110.000 euroko gastua izango dela eta, udal gobernuari kreditua kopuru horretara jeisteko eskatu zion. Alkateak eskaera aztertuko dutela adierazi zion.
Espainiako bandera ezartzeaz
Azkenik, udalak Espainiako bandera jartzeko jasotako aginduaren arira, Ezker Abertzaleak gai honen inguruan izandako jarrera kritikatu zuen. Urteetan EAJri “Español deitu” eta orain alkateak berak Espainiako bandera jarriko duela salatuz. Alkateak, agindua Espainiar Gobernuaren “inposizioa” dela eta horren aurrean erantzun bateratua emateko beharra azpimarratu zuen. Barne Ministeritzak udalak bandera jartzeko epea luzatzeko egindako eskaerari emango dion erantzunaren zain geldituko direla aipatu zuten bi aldeek.