Hainbat gai izan zituen ahotan Arrizabalagak hauteskundeen harira Batzokian antolatutako hitzaldian. Euskaldunok “gure nazio izaera” indartu eta erabakitzeko eskubidea garatu beharraz berba eginez hasi zuen hitzaldia. Katalunian gertatzen diharduena ere gogoratu zuen eta aitortu zuen hangoa “inbidia puntuarekin” jarraitzen duela.
Zaborren kudeaketa
Berba gogorrak izan zituen Bilduk Gipuzkoan garatzen diharduen atez ateko zabor bilketa sistemarendako. Aldundiak onartutako plangintza ez betetzea egotzi zion Garitanoren gobernuari eta atez ateko bilketa sistema “ezker abertzalearen asmakeria” dela adierazi zuen. Bestalde, berziklapen-tasaren inguruan eman dituzten datuak “gezur hutsa” direla salatu zuen.
Abertzaleen arteko akordioa
Abertzaleen artean akordio estrategikoak lortzeko beharraz ere jardun zuen Arrizabalagak baina horretarako ezker abertzaleak azken hogeitamar urteotan ETAren jardunaren inguruko balorazio kritikoa egin beharko duela adierazi zuen. “Ezker abertzaleak botoen bidez itxi nahi du ETAk herri honetan sortu duen zauria.”
Urkullu izango da lehendakaria
Amaiera aldera entzule batek Urkulluk gobernatuko ote duen galdetu zionean Arrizabalagak ez zuen zalantzarik izan, “Urkullu izango da lehendakaria eta EAJk gobernatu du baina oso zaila izango da eta asko sufritzea tokatuko zaigu”.
Jabier Garmendia Soraluzeko Uri Buru Batzarreko presidentea eta Luis Felipe Galarraga EAJko alkate ohia izan zituen mahaikide hitzaldian zehar. Azkenean, bertaratutakoen txalo artean eman zion amaiera hitzaldiari.
MariaEugenia EAJ from PlaentxiaTB on Vimeo.