Pilota parduak gaur, VI. Marraskilo Tourra bihar

plaentxia_com 2012ko ira. 28a, 17:33
Kirol jarduerek beteko dute asteburuko agenda. Nagusi eta jubenil mailako pilotariek binakako partidu bana jokatuko dute gaur Arane kiroldegian. Mendizaleek biharko dute zita, 35 kilometro neurtzen dituen Marraskilo Tour mendi itzulian. Izena eman ez duenak irteeran bertan izango du aukera, 20 euro ordainduta.
 
 
 

 

 

Gipuzkoako Pilota Txapelketa

Soraluze Pelota Taldeko nagusi eta jubenil mailako pelotariek binakako norgehiagoka bana jokatuko dute gaur 22:00etatik aurrera Arane kiroldegian. Atxotegi eta Aldapek Artola eta Arratibel bikotearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Santamariak eta Kortaberriak, Zubizarreta eta Agirresarobe izango dituzte aurkari. Sarrera doakoa izango da.

 

VI. Barraskilo Tour bihar

Ibilbidea aurreko urteetako berdina izango da. Mendizaleak goizeko 6:00etan abiatuko dira Plaza Barritik, Sagar Errekatiko gora, Topinburu, Gallastegitorre, Krabelinaiztik pasatuta Txurrukenera jaitsiko dira eta handik, Atseden Txaboletara igo, Karakatetik zehar Ezozibidera jaitsi eta Plaza Barrixan amaitzeko. Denera, 35 kilometroko ibilbidea. Ostean, parte hartzaile denek batera bazkaria izango dute Frontoian. Euskalmeten arabera giro goibel eta euritsua espero da biharko, parte hartzaileei beraz xira hartzeko gomendatzen zaie. Irteeran bertan izena emateko aukera eskainiko dute bihar, inskripzioa 20 eurora.