Biharko mobilizazioak
Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan mobilizazioak deitu dituzte. Soraluzen goizeko 9:30ean manifestazioa egingo da Zubi Nagusitik abiatuta. 10:30ean kotxeetan antolatu eta Donostian burutuko den manifestaziora joateko deialdia egin dute. Arratsaldean eskualdeko manifestazioa Eibarren egingo da 18:00etan, 17:30ean Erregetxetik abiatuko dira.
Grebari atxikimendua
Rosa Etxeberria LABeko ordezkariak jakinarazi duenez, zenbait enpresa eta eragile atxiki dira greba deialdira. Industrias GOLek, Talleres Urrestarazuk, Industrias Fer-ek eta Industrias Lagak egun osoko greba egingo dute. Hezkuntzan langileen %85ak egingo du greba eta Udal Gobernu Taldeak ere greba egingo du, arrazoi honek medio:
“Euskal Herriko langileek, urteetan zehar beraien eskubideen alde emandako aurrera pausu guztiak ezerezean uzten ari da Rajoyren gobernua. Madrildik inposatutako erabaki hauekin etorkizunik gabe eta indefentsio nabarmenean uzten ditu herri honetako langileak. Gazteak eta emakumeak prekarietatera bultzatzen dira, pobrezia areagotuz. Era berean, sistema publikoa deusezteko erabakia hartua dute. Beste batzuetan bezala, egoeraren larritasuna adierazteko eta herri honetako langile eta baztertuen eskubideen aldeko bozgorailu izan behar dute instituzioek. Herri honetako gehiengo sindikalak, beste behin ere irailaren 26rako konbokatu duen grebarekin bat egiten du Bilduk. Bilduko hautetsiok, egun horretan greba egin eta mobilizazioetan parte hartuko dugu”.
Greba deialdia
Martxoaren 29an egin zen moduan, euskal gehiengo sindikalak Espainiako gobernuak proposatutako murrizketen eta lan-erreformen kontra greba orokorra deitu du biharko. Sindikatuen hitzetan, krisitik irteteko hartutako neurriak antisozialak dira, arazoan sakondu baino areagotu egiten dutelako. Biharkoan, prestazioen murrizketak, BEZaren igoera, sektore publikoaren pribatizazioa eta osasungintzaren berrordaintzea salatuko dituzte. Euren hitzetan hartutako neurriekin, gazteak, emakumeak, pentsiodunak, etorkinak, ezgaitasuna duten pertsonak eta guraso bakarreko familiak pobreziara kondenatu nahi dituzte eta krisi ekonomikoa luzatu, langabezia areagotzen dutelako.
Gizarte parte-hartzean oinarritutako eredua aldarrikatzea du helburuetako bat biharko greba orokorrak. Zerbitzu publikoak benetan publikoak, unibertsalak eta doakoak izatea eta espainiar gobernuak plazaratutako lan erreforma bertan behera uztea eskatuko dute bihar ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS, EHNE eta Hiru eta CNT sindikatuek.