Gipuzkoako Pilota Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur Arane kiroldegian. Nagusien Lehenengo mailan, banakakoan, Soraluze taldeko Epeldek Andoaingo Gazteleku taldeko ordezkaria izango du aurkari.
Nagusien Ohorezko mailan binakakoan neurtuko dituzte indarrak. Soraluze ordezkatzen Atxotegi eta Aldape arituko dira, Azpeitiako Ilunpe taldeko Larrañaga eta Murgiando bikotearen kontra.
Joan den asteburuan jokatu ziren Gipuzkoako Pilota Txapelketako Nagusien Ohorezko mailako aurreneko norgehiagokak. Lehenengo saio honetan soraluzetarrak irabazle suertatu ziren, 22-16 Arrieta eta Grajal Hernaniko bikotearen aurka irabazita. Ohorezko mailan zortzi talde arituko dira aurten eta soraluzetarrek gogor borrokatu beharko dute txapelketa, abendu hasieran jokatuko den finalera heldu nahi badute. Pilotari gazteak “gogotsu” daudela aipatu dute eta “etxean jokatzeko eta pilota kluba indartzeko” ilusioz beteta.