(...)Egun horrek (ekainaren 28ak) kolektiboaren lorpenak ere ekartzen dizkigu gogora, eta argitu behar da orain arte lortu den guztia LGTBQ kolektiboaren borrokaren emaitza izan dela, baita sexualitatea, ezarritako arauaz kanpo, askatasunez bizitzea erabaki duten guztion borrokaren emaitza ere. Eta benetako askatasuna lortzen jarraitzeko ez da ahaztu behar pertsona guztien berdintasunaren oinarriaren gainean eraiki behar dela, gizartea ez delako askea izango baldin eta berdintasunaren eta feminitatearen balioetan oinarritzen ez bada, pertsona guztien sexu-askatasuna ardatz nagusietako bat bihurtuta.
Horregatik, Soraluzeko udalak honako erakunde-deklarazio hau onartzen du:
-
Lesbiana, gay, transexual eta transegeneroen eskubide eta askatasun publikoen defentsa aldarrikatzea eta politikoki laguntzea, diskriminazioaren aurkako politika aktiboak bultzatuz sexu-orientazio eta sexu-identifikazio guztiak normalizatzeko, eta zeregin hori irekitasunez garatuz, indarreko aurreiritzi eta estereotipoak gainditzeko.
-
Informazio- eta sentsibilizazio-kanpainen bitartez, herritarren artean kontzientzia solidario berri bat sor dadin sustatzea, lesbiana, gay, transexual eta transgeneroekiko aurreiritzi eta errezeloak ezabatzea eta jarrera-aldaketa ahalbidetuko duena, kolektibo horiek, egunetik egunera, berdintasunezko, askatasunezko eta errespetuzko baldintzetan jarduteko aukera izan dezaten, gainerako herritarrek bezala.
-
Udaleko ikastetxe eta hezitzaileen eskura beharrezko prestakuntza-programak, tresnak eta baliabideak jartzea, kolektibo horietako kideen bazterkeria saihesteko, eta, ildo horretan, ikasle guztiek beren nortasuna, afektibitatea, sexualitatea eta harremanak bete-betean garatzeko aukera izan dezaten bermatzeko.
-
Eskumeneko agintariei transgenero, transexual, lesbiana eta gayen eskubide eta askatasunen defentsan jardun beharra dagoela jakinaraztea, sexua berresleitzeko prozesuak osasun-sistema publikoan txertatuz, laneko diskriminazioaren aurka borrokatuz eta kolektibo horien gainerako errebindikazioak aintzat hartuz. Transexualak eta transgeneroak osasun-sistema publikoan txertatzea ere bermatu beharko litzateke, patologian oinarritutako ikuspegia alde batera utzita.
-
Zerbitzuetan aholkularitza juridiko egokia eskaintzea. Pertsona horien laneratzea erraztea, baldintza-berdintasunean lanera daitezen bermatuz eta ekonomia-, gizarte- eta osasun-baliabideak haien eskura jarriz.
-
Udal honek transexualitatearen despatologizazioaren aldeko erakunde-deklarazio bat onartu nahi du, genero-disforia DSM eta CIE psikiatria-eskuliburuetatik desager dadila exijitzeko, eta deklarazio hori Transexualitatearen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Sarera eramateko konpromisoa ere hartu nahi du.