IÑAKI PERURENA (Leitza, Nafarroa,
1956)
“Historia
errespetu osoz hartu behar da, iraganak etorkizuna argitu
lezakeelako”
Harrijasotzailea baino gehiago dela
aspaldi frogatu du leitzarrak eta bere azken erronka “Harri eta
herri” izeneko hitzaldi eskaintzera etorriko da datorren ekainaren
7an Zinean.
“Harri eta herri”. Zer
esanahi dute bi hitz horiek zuretzat?
Nere mundua harrizko mundua ere bada
eta mundu horren bidetik herri bat ezagutu dut. Harriak
aurrehistoria esaten digu, gazteluak ekartzen dizkigu gogora, herri
honek nola antolatu zuen bere babes sarea... “Harri eta herri“
Arestiren poema ere bada, harrizko herri bat eta tarteka-tarketa bat
edo bestek harrikada dexenteak ere bai.
Peruharri museoa sortu
zenuen, horixe islatu nahi izan duzu bertan?
Hemen gure harrizko mundu
hau jendeari erakusten saiatzen naiz. Urte garai honetan eskolak
etortzen zaizkigu eta pixka bat jolastuz harri artean ibiltzen ditut
umeak.
Zenbat denbora behar
izan duzu berau eraikitzeko?
Idazle
batek liburu bat idazten duenean ezin zaio esan zenbat denboran
idatzi duen. Aurretik ere burutazioak izaten direlako eta horiek ez
direlako askotan kontutan edukitzen. Aspaldiko amets bat da.
Uste duzu lagundu duela
Nafarroaren, euskal kulturaren eta euskeraren historia hobeto
ulertarazten?
Ze
esango dizut ba! Neretzako pretentsio haundiegia izango litzake baina
zerbaitetarako lagundu baldin badu ba ongi etorria izan dadila. Gero
badakizu zer gertatzen den? Jatetxe batean bezala, bat etorriko zaizu
txuleta haundi baten bila, beste bat berriz barazkijalea izango
duzu... Honera etortzen direnak batzuk historiaren puntutik egingo
diote, besteek harrijasotzaileen atzetik doaz, naturaren
ikuspuntutik...bakoitzak bere aldetik ikuitzen dio.
Harrijasotzeak,
kirolak berak ere izan du eboluzioa ezta? Teknikak asko hobetu
dira... Baina etorkizunean lekurik izango al du?
Beharko
luke izan. Harriak ez badu tokirik herriak ere ez du gehiegirik
izango. Bata besteakin lotuta daude. Ni saiatzen naiz azaltzen
harrijasotzea ez dela indar lan bat soilik, indarra landu dugula
baina buruari emanez teknika berriak ere bilatu ditugula, nolabait
badela bilakaera bat hor dagoena.
Interneti
esker oso ezaguna egin da zu euskalduna ez zinela Bilboko kazetariari
eman zenion erantzuna. Euskaldunok ere ez al gara askotan izaten
ezjakitun gure historiarekiko?
Bai,
seguraski bai, kazetari horri bota zaizkion akatsetan, geu ere
erortzen gara askotan. Askotan, gure historiako etapak azkeneko
etapari mugatzen ditugu. Azken tartea ezagutzen baldin baduzu
badirudi aurretik ez dela besterik egon. Hain justu, aurreko astean
egin den Atlantiar biltzarrean Stephen Openheimer genetetista egon
da. Esan du Bretainiako jendea hemendik joan ote zen orain dela
milaka urte, Amerikara ere bai, ... Historia errespetu osoz hartu
behar da eta historia hori jakitea ondo dago, beharbada iraganak
etorkizuna argitu lezakeelako.
Eta zein etorkizun ikusten diozu
gure herriari, egoera berri honetan?
Beti zurrunbiloetan galduta bagenbiltz
bezala, euskal senak bere barruan ote duen edo bakoitzak bere bidea
hartzen dugun iruditzen zait... Gogoratzen naiz Leitzarango autobia
egiteko garaian politiko bakoitza karpetan bere planoekin joaten
zela. Bakoitzak bere bidea teknikari batek bezala azaltzen zuen eta
gero zer da, eta bost edo sei proposamen ziren autobia nondik egin
behar zen esaten zutenak. Ez dakit, politikan edo herriaren
etorkizunari buruz ere bakoitzak bere bidea ez ote dugun jorratzen.
Badirudi bakoitzak duela egi osoa eta horrela gabiltza bestea kolokan
jarriz.
40 urteko ibilbide luzea egin duzu
harrijasotzaile. Hala ere, ez zara geldi egoteko pertsona, bestelako
gauzetan saltseatzen ikusiko zaitugula iruditzen zait... zer duzu
eskuartean?
Nik formulatxo bat badaukat,
okupazioak, preokupazioa desokupatzen du. Okupatuta zaudenean kezka
gutxiago etortzen diran burura, edo burutazio gutxiago. Zer esan!
Uste dut bizitza bat dugula denok, zorte batzuk ere behar dira eta
batzuendako gauza batek garrantzia du, besteentzako beste batek,
baina zerbait egiten ibiltze hori polita dela uste behar dut.
Zuk publikoki esana da ez duzula
lotsarik jendaurrean zahartzeko...
Hori esaten nuenean uste nuen ez
nintzela zahartuko, baina zahartzen ari naiz! Eta noski, harria jasoz
zahartu nahi nuke ahal dudan neurrian. Noski, garai batean
erakustaldi bat egitera joaten nintzenean, ez zegoen azalpen
gehiegirik eman beharrik. Lehengo astean semea gerriko minez eta neu
bakarrik joan nintzen erakustaldia egitera, eta esan nien: “Ez
ezazuela uste ni garai bateko Perurena naizenik! Egunean txikiagoak
jasotzen ditut eta!” Harri jasotzailea datorrenean beti ikusi izan
dugu sekulako pertsona indartsu bat. Baina harrijasotzailea herri
honen kulturaren zati bat ere bada. Alde horretatik ere azaltzea uste
dut interesgarria badela.
Horretaz ere arituko zara hitzaldian
ezta?
Horixe. Aurrena
bideo txiki bat jarriko dut, Peruharriri buruz pixkat hitzegingo dut
eta hausnarketa batzuk ere botako ditut. Gero galdera erantzunentzako
tarte bat utziko dut. Gertatu izan baitzait, ikutu ez duzun arlo
baten gainean jendeak jakinmina izatea eta erantzuteko ahalegina
egingo dugu behintzat.