Jokin Oregi: "Pertsona nagusiak kontuan hartzen dituen gizartea, gizarte aberatsa izango da"

plaentxia_com 2012ko mar. 7a, 12:05

Soraluzetarrak idatzi eta zuzendutako "Alabatxo" antzezlanak Ikuskizun Onenari Saria jaso du, FETEN, Gijonen egiten den Haurrentzako Arte Eszenikoen Europar ferian. Sariaz eta antzezlanaz hitz egin du. (Irakurri elkarrizketa)

 
 
 
   
Jokin Oregi soraluzetarrak idatzi eta zuzendutako "Alabatxo" antzezlanak Ikuskizun Onenari Saria jaso du, FETEN, Gijonen egiten den Haurrentzako Arte Eszenikoen Europar ferian.
 
Poztasun haundiz jaso du saria:
 
"Pozik nago, jakina! FETEN berez da garrantzitsua, bertan 67 antzerki konpainiak hartu du parte, Austria, Portugal, Frantzia, Bulgaria, Kuba edota Espainiakoak; nahiz eta 400 batek egin duen parte hartzeko saiakera. Erakuslehio izateaz gain, prestigioa ere ematen du bertan saritzeak".
 
Oregik idatzi eta zuzendutako lan bat saritzen duten hirugarren aldia da hau. 2008an "Zer duzu negarrez Marie?" antzezlanak Ikuskizun Onenari saria jaso zuen; 2010ean "Robot Maitea"-k interpretazio onenari saria jaso zuen. Hiru antzezlanak Marie de Jongh konpainiarekin.
 
"Inportanteena umeengan galderak sorraraztea da"
Antzezlana mutua da: "Umeak, hasieran, ohitu gabe daudenez, gurasoei galdetzen diete ea zergatik ez duten hitz egiten. Baina segituan sartzen dira ikuskizunean, gertutasuna transmititzen duelako; oso plastikoa da. Bakarrik egiten dugunarekin asko adierazi daiteke eta ikusleagan eragin daiteke". 
 
"Alabatxo"k pertsona nagusiei zor diegun errespetuaz hitz egiten du: "Pertsona nagusiak kontuan hartzen dituen gizartea, gizarte aberatsa izango da. Nik uste ezjakintasun haundia dagoela honen gainean. Gainera iruditzen zait haurrei asko interesatzen zaizkiela nagusien kontuak".
 
Zuzendariak azaldu du, zaila dela antzerkia adin tarte bakoitzari egokitzea:
"Berez 5 eta 6 urte bitarteko umeentzako antzerkia da. Urte batetik bestera jauzi haundia egoten da ume batean eta bestean ez da erraza asmatzen.
 
Baina hori ez zaigu horrenbeste interesatzen, inportanteena umeengan galderak sorraraztea da. Umeak eta helduak, denentzako gustagarria izatea da helburua. Eta publikoa bihotza uzkurtzen zaiola ikustea, barreak eta emozioak eragitea da garrantzitsua".
 
Aurrera begira, Alabatxo aurkezten jarraituko du eta baliteke Soraluzera ere etortzea. Honez gain, Ez Dok Hiru Bikoteatro konpainiarekin, "Euskara Sencilloaren Manifestoa", "Larru Haizetara" eta "Euskarazetamol", trilogiari, "Lingua Navajorum" laugarrena gehitu zaio, Patxo Telleria eta Mikel Martinezek antzeztua, jakina, eta ekaina erdialdean aurkezten hasiko direna.
  
 "Alabatxo"-n Ana Meabek, Javier Renobales eta Jose Ramon Soroiz aktoreek egiten dute lan. Laida eta Martinen bikote harremana kontatzen da, haur baten esperoan daude eta dena gertatu dute haurra jaiotzen denerako. Tomas, Laidaren aita da, umore petralekoa da eta ez du bikoteak duen ilusioaren arrastorik. Harik eta, Laidak, umea galtzen duen arte, orduan aita eta alabaren arteko harremana leuntzen hasiko da.
 

"Alabatxo" / "Querida hija" (MARIE de JONGH) from TARTEAN teatroa on Vimeo.