Merkatuko ordenantzak onartu dituzte

plaentxia_com 2012ko ots. 9a, 13:55

Irure auzoko bizilagunak eta Unamuno enpresako ordezkariak saio aretora hurbildu ziren azken hiru hilabeteetan bizi dituzten kezka eta haserrea transmititzera.

 
 
 
 
Atzoko Udalbatzarrean merkatu plazako ordenantza erregulatzailea behin betiko onartuta geratu zen, Gobernu Taldearen eta EAJren aldeko 9 boturekin eta PSE-EEren abstentzioarekin. Alderdi sozialistak bost alegazio aurkeztu zituen, puntuz-puntu bozkatu ziren.


PSE-EE Udal taldearen mozioa haur jaioberrien bidegabeko jabetzari eta arauz kontrako adopzioei buruzkoa, aho batez onartu zuten.
 
{mosimage} 
 
EAJ eta PSE-EE bosgarren edukiontziaren alde
Zaborren kudeaketari buruzko lau puntuko mozioa, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutakoa ere onartu egin zuten. Bi alderdiek bosgarren edukiontziaren aldeko jarrera argia agertu zuten. Jeltzaleek atez-ateko sistema “askoz ere garestiagoa” dela esan zuten.
 
 {mosimage}
 
Sozialistek ere kontrako jarrera azladu duten, atez-atekoa “zikina” eta “kutsakorragoa” dela eta hainbat elikagairen kontsumoa mugatzen duela. Gobernu Taldeak erantzun zuen ezin dela esan garestiagoa izango denik azterketa bat egin gabe eta bere helburua zaborra kudeatzeko beste aukera batzuk aztertzea dela.

Bilduk Kutxabanken gainean aurkeztutako mozioa onartu egin zen, sozialistek eta gobernu taldeak alde bozkatu zuten. EAJk kontra bozkatu zuen udaletik gaineko gaia dela argudiatuz.

Irure auzokoak euren haserrea agertu dute
Irure auzoko bizilagunak eta Unamuno enpresako ordezkariak saio aretora hurbildu ziren azken hiru hilabeteetan bizi dituzten kezka eta haserrea transmititzera. Azaroko luiziak eragindako kalteak konpontzeko lanak geldi daudela eta kontua oraindik ez dela behar moduan ebatzi salatu zuten: “Inork ez digu erantzun argi bat ematen, ez Bidegik ez eta aseguruek eta desesperatzen hasi gara, hiru hilabete daramatzagu zain”.
 
Harkaitz bat kolokan
Aipatu zuten halaber kolokan dagoen harkaitz batek bidera jausteko arriskua duela eta zerbait larria gertatu aurretik lanen erantzuleak bilatu behar direla. Gainera, azken asteetako euriekin lurrek etengabe bidea hartzen diela esan zuten. Unamuno enpresako ordezkariak ere gogorarazi zien eraikinaren zati bat oraindik prezintatuta dutela, ezin erabilita eta lanek enpresako inguruetan kalte materialak eragin dizkiela. Arluziagak bat egiten zuen euren kezkarekin. Argitu zien Aldundiarekin ipini dela harremanetan baina oraindik ez duela erantzunik jaso.