Udaleko parekidetasun
zerbitzua diagnosi bat egiten ari da, Soraluzen mendekotasuna duten
pertsonen zaintza kontziliatzeko estrategien inguruan.
Helburua, Soraluzeko familiek mendekotasuna duten pertsonak eta haurrak
zaintzeko, bere gain hartzen duten lan kargari buruzko ikuspegi orokorra
izatea. Hau da, (eskaintzen dieten denbora, erabiltzen dituzten
zerbitzu publiko edo pribatuak, kostu ekonomikoa, ... aztertzea. Baita Soraluzeko zaintzaileek bizi duten egoera zer nolakoa den jakitea.
Batzarrak 24an eta 26an izango dira
Horren barruan bi
batzar deitu dituzte, bata haurren zaintzaren inguruan izango da, bihar arratsaldeko 18.30ean
kiroldegian. Bestea, autonomia galera motaren bat duten pertsonen
zaintzaren gaineko eztabaida izango da, eguenean ordu eta leku berean.
Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasuneko I. Planean ezarritakoari jarraiki ari dira lanean. Emakunderen laguntza ekonomikoa jaso du udalak diagnosiaren eragiketarako.
Parekidetasun Zerbitzutik adierazi dute, Berdintasunaren inguruko politikagintzan ardatz estrategikoetako bat lana eta familiaren kontziliazioa eta erantzunkidetasuna dela.
"Kontziliazioaren “arazoa” deritzona errealitate bat ukatzearen edo ezkutatzearen ondorioz sortzen da, hain zuzen ere, pertsonen beharrizan oinarrizkoak betetzeak eskatzen dituen lana eta denbora ukatzearen edo ezkutatzearen ondorioz. ordaindutako lanean hasten direnean besterik ez dira ikusarazten; orduantxe bihurtzen baitira arazo".