Udal hautetsi eta langileek preso eta iheslarien aldeko baraualdiarekin bat egin dute

plaentxia_com 2011ko abe. 16a, 14:52

Abenduaren 30ean presoen eskubideen alde musikari eta antzezleek lagundutako ekitaldia iragarri dute. Gabon zahar egunean urteko azken elkarretaratzea egingo da Zubi Nagusian. Urtarrilaren 7ko manifestaziora bertaratzeko autobusa irtengo da herritik.

 
  
 
Udal hautetsi eta beharginek elkarretaratzea egin dute preso eta iheslarien alde. Kontzentrazio hau euskal preso eta iheslarien eskubideen alde Donostian egiten ari diren barauladiari babesa adierazteko egin dute.
 
Barauaren amaiera etzi, abenduaren 18an izango da eta ordurako ere, Donostiako Boulevardean elkarretaratzea deitu dute eguerdiko 12.30ean.
 
Abenduaren 30ean preso eta iheslarien aldeko ekitaldia
Herrira itzuliz, abenduaren 30ean Euskal Preso Politiko eta Iheslarien eskubideen aldeko ekimena egingo dute 19.30ean Zinean. Bertan presoen eskubideei babesa adierazi nahi dioten soraluzetarren bideo eta argazkiak erakutsiko dira. 
 
Hori guztia herriko musikari eta antzezleen laguntzaz, izan ere, antolatzaileek hitzetan "aro berri honetan modu irekiago batean zabaldu nahi dugu presoen eskubideen aldeko mugimendua".
 
Abenduaren 31ko urteko azken enkartelada arratsaldeko 19.30ean izango da, Zubi Nagusian. Gaueko 01.00ean berriz, preso eta iheslarien aldeko brindisa egingo dute. 
 
Urtarrilaren 7an Bilborako autobusa irtengo da herritik
Azken zita, agendako potoloena ziurrenik, urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioa izango da. Arratsaldeko 17.30ean hasiko da Kasillatik. Herri guztietan mobilizazio orokorra" deitu dute eta baita gurean ere, Bilborako autobusa irtengo da ordubete lehenago. (Izena emateko: Bolia, Gila, Gaztelupe eta Arrano. Prezioa: 6 euro.)