Maisuen Etxeetan izena eman daiteke urtarrilaren 2ra arte

plaentxia_com 2011ko abe. 16a, 12:56

Gaur hasi eta 2012ko urtarrilaren 2a bitartean, maisuen etxeetako sei udal etxebizitzetan izena emateko aukera egongo da. Etxebizitzak elkarbizitza-unitateentzat izango dira. Eskatzaileak Soraluzen erroldatuta egon behar dute eta kontratuak urtebetekoak izango dira, 5 urtez luzatu ahalko direnak gehienez. Ikusi baldintzak:
 

 
Gaur publiko egin dira errentan emateko maisuen etxebizitzetako esleipen baldintzak eta 2012ko urtarrilaren 2a bitartean, maisuen etxeetako sei udal etxebizitzetan eman ahalko da izena.
 
Etxebizitzak elkarbizitza-unitateentzat izango dira. Eskatzaileak Soraluzen erroldatuta egon behar dute, diru sarrerak gutxienezko 3.000 euro eta gehienezko 17.066 euro artean egon behar dute. Etxeen kontratuak berriz, urtebetekoak izango dira eta gehienez, 5 urtera luzatu ahalko dira. Udal bulegoetan jaso daitezke oinarrien paperak.
 
Hona xehetasun gehiagorekin baldintzak:
 
Elkarbizitza unitateak, elkarrekin bizi edo biziko diren bi pertsona edo gehiagok osatutakoak dira, baldin eta ondoko loturaren batek elkartzen baditu:
 
-ezkontzak edo antzeko beste harreman-mota iraunkorren batek.
-adopzioak edo odolkidetasunak 4. mailaraino.
-ezkontza-ahaidetasunak 2. mailaraino.
-adiskidetasun arrazoiengatiko elkarbizitza ere elkarbizitz-unitatetzat hartuko da. Gutxienez bi eta gehienez lau pertsonaz osatuko dira.
-familia ugarien kasuan 6 pertsonaz osatu ahal izango dira gehienez.
 
Honetaz gain, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek:
  1. Soraluzeko Biztanleen Udal Erroldan inskribatuta egon behar da, bi urte edo gehiagoz.
  2. Etxebizitzarik jabetzan ez izatea, azken 5 urtetan gutxienez.
  3. Elkarbizitza-unitatearen diru-sarrera gordinak, gutxienezko 3.000 euro eta gehienezko 17.066 euro bitartekoak izatea.
  4. Ondareak ezingo ditu kopuru hauek gainditu: 40.075,20 euro bi pertsonen kasuan eta 44.330,88 euro hiru pertsona edo gehiagoren kasuan. Errenta-kontratua urtebetekoa izango da eta bost urtera arte luzatu ahal izango da gehienez ere.
  5. Hasierako hileko errenta, elkarbizitza-unitateko kide guztien diru-sarreren %15eko izango da. Era berean, errenta urtero berraztertuko da, bai eta errentarien egoera ekonomikoa ere.   
  6. Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, udal bulegoetan eskura daitezkeen oinarrien I. Eranskinean adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera.