Bigarren aldiz egin dute lapurretan Ezoziko futbol zelaian

plaentxia_com 2011ko abe. 14a, 12:52

Joan den azaroaren 28an bigarren aldiz sartu ziren Ezoziko futbol zelaiko tabernan eta musika eta irrati aprailuez gain, hainbat jaki eta edari ebatsi zituzten. Soraluze Futbol Kluba zein udala "saminduta" daude eta espero dute "berriro ez errepikatzea". 
 

     
Soraluzeko Futbol Klubak jakinarazi du joan den azaroaren 28an bigarren aldiz egin zutela lapurretan Ezoziko futbol zelaiko tabernan. Kluba zein udala "saminduta" azaldu dira eta esan dute espero dutela "berriro ez errepikatzea". 
 
Azaroaren 29 goizean, bertako garbitzailea futbol zelaira iritsi eta "tabernako pertsiana apur bat zabalik" zegoela ikustean, abisua pasa zion tabernako errentariari eta hark ipini zuen salaketa.
 
Lapurtutako artikuluen artean, irrati eta musika aparailuak, hainbat alkohol botila eta lata, zukuak, gozokiak eta jakiak ebatsi zituzten. Klubeko zuzendaria Luki Hontangasek esan du denbora eman behar izan zutela lapurretan, latak "banan-banan eta atera behar izan zituztela hozkailutik, eta lan haundia hartu zutela". Udaltzaingoak dioenez,
furgoneta bat erabili zuten lapurtutakoa garraiatzeko.
 
Argindarraren kableatua moztu eta bertan laga
Uztailaren 22an jazo zen lehen lapurreta Ezoziko zelaian. Orduan ere, pertsianak apurtuta sartu ziren taberna barrura. Nahiz eta garrantzia haundiko artikulurik lapurtu ez, arketyak indarrez zabaldu eta argindarraren kableatua ebagi zuten lapurrek. Baina, zergatik argitu ez den arren, kableatua han bertan lagata hanka egin zuten.

Kableatua berrezartzeko 3000 euroko gastua egin behar izan zuen udalak.