"Batu Sutondora Jardunaldiak" egingo dira zapatuan, Euskara Elkartearen 15. urteurrenaren atarian

plaentxia_com 2011ko abe. 12a, 14:37

Urteurrenaren harira, norabide berri bat markatzeko beharra ikusi du elkarteak. Horri begira antolatu ditu zapatuko jardunaldiak. Helburua hizkuntzarenganako sentiberatasun bereziko herritarrak mahainguruan batzea. 
 
 

 
  
 
"Euskara elkartetik euskaldunon elkartera" jauzia, Pil-Pilean Euskara Elkarteak 15 urte bete ditu eta horixe ipini du hurrengo urteetarako helburutzat. Urte asko joan dira hastapenetatik eta urteurrenek eskatzen duten gogoetarako abagunea probestuz, zapatu honetan, abenduaren 17a, "Batu Sutondora!" jardunaldiak antolatu ditu elkarteak.
 
Jardunaldiok norabide berri bati ekiteko gogoz hizkuntzarenganako sentiberatasun berezidun herritarrak hausnarketara gonbidatu nahi dute. Atzera begirakoa egiteaz gain, etorkizunean zer nahi dugun edo espero dugunaren gainean gogoeta elkarren artean egiteko.
 
Hainbat galderari erantzuna bilatuko diete: Zela bizi dugu bakoitzak gure euskalduntasuna? Zela dago euskaldunon mugimendua herrian? Zer egin dugu aurreko hamarkadetan? Zelakoa da egoera dihardugun arloan? Zer bide hartu behar dugu etorkizunean?
 
Gogoeta, bazkaria eta kantua, egun berean
Goizeko 10.30ean hasiko dira jardunaldiak: "Pil-Pilean Euskara elkartetik euskaldunon elkarte izatera" gogoeta hizpide hartuta. Ostean hizkuntza ekologiaren gainean zabalduko dute eztabaida. Jarraian, poteotxoa eta ostetik, kantu-bazkaria ere antolatu dugu Allegro Elkartean, herriko musikari eta kantariek lagunduta. Bazkarira etorri nahi duenak aurrez egin beharko du bazkariko ordainketa kontu hauetako batean, izen-abizenak zehaztuz.  Euskadiko kutxa: 3035 0004 90 0040015550 edo Kutxa: 2101 0062 13 0123185746
 
BATU SUTONDORA JARDUNALDIAK
 
10.30ean "Pil-Pilean Euskara elkartetik euskaldunon elkarte izatera" gogoeta hizpide.
 
12.15ean Hitzaldia hizkuntza ekologiaz.
 
13.00ean Amaierako agurra.
 
13.15ean poteoa herrian zehar.
 
14.30ean KANTU-BAZKARIA herriko musikari eta kantariek lagunduta. *Menua: Txurrukan prestatutako arrain zopa, kroketak, legatz frijitua, almondrongilak eta postrea. Kafea eta kopa barne. Prezioa 20 euro.