Kiroldegiak sortzen duen defizita 60.000 euroan murriztu nahi du Udalak

plaentxia_com 2011ko abe. 2a, 16:25

Krisi ekonomikoak eraginda, Udalak hainbat neurri hartzeko beharra ikusi du eta datorren urterako doikuntza proposamena aurkeztu du. Besteak beste, ordutegietan eta kuotetan aldaketak proposatu dituzte.

 
 
 
 
Aste honetan udaleko ordezkariak kiroldegiko abonatuekin bilera informatiboa egin dute Zinean. Hart Arluziaga alkatea, Mikel Argarate eta Maria Gallastegi kirol teknikariak azaldu zuten krisi ekonomikoak eraginda, Udalak hainbat neurri hartzeko beharra ikusi duela eta datorren urterako doikuntza proposamena aurkeztu zuten. Horrela, kiroldegiak suposatzen dion defizita 60.000 eurotan murriztea proposatu zuten. 
 
Udaleko ordezkariek azpimarratu zuten neurri hauekin zerbitzuetan eta erabiltzaileengan ahalik gutxien eragiten saiatu direla eta horretarako kiroldegiak urte osoan zehar daukan erabilpena aztertu dutela:
 
Kuota berriak
Kuotei dagokionez abonuen prezioak %12an igotzea proposatu dute, baina ikastaroen preziorik ez igotzea. Abonatuak ez direnei berriz, kurtsiloen prezioak 39 eurotara igotzea.
 
Igerilekuko ordutegia murritzagoa
Egunero 12:00etatik 15:00etara itxita egotea eta ordu erdi lehenago ixtea, hau da, 20:30ean ixtea, 21:00etan beharrean. Zapatu arratsaldetan kiroldegia itxi egingo litzateke. 
Bestalde, datorren urtera begira, uztailaren 22tik abuztuaren 31ra itxita egongo da kiroldegia.
 
Langilegoari eta enpresari eskerrak
Udaleko ordezkariek eskerrak eman nahi izan zien langilegoari eta kiroldegiko enpresari. Lehenari, "doikuntzen ondorioz egin behar izan diren murrizketak murrizketa, kiroldegi zein herriarekiko konpromisoa erakutsi dutelako".

Kiroldegiko enpresari berriz, "hasieratik udalaren egoera ekonomikoaren larritasuna ulertu eta beraien zerbitzua mantentzeko jarrera erakutsi duelako".
 
kirol.jpg