Deba ibaia garbitzeko saioa bihar goizean izango da

plaentxia_com 2011ko aza. 18a, 13:08

Biharko ekitaldiarekin natur balioekiko sentsibilizazioa bultzatu nahi da herritarrengan. Soraluzen 45 herritarrek eman dute izena. Boluntario guztien artean mendiko GPSa eta Flyscha ikustera joateko bi lagunentzat itsasontzian bidaia zozketatuko dituzte.  

   
 
Euriteengatik ibaia garbitzeko saioa atzeratu eta gero, bihar izango da horretarako eguna. Goizeko 10.00etan batuko dira boluntarioak kontzejupean, Soraluzen 45 lagunek eman dute izena.
 
Arduradunek garbiketa saioaren helburuak eta lan-plangintza zein den azalduko dute eta gero garbitzeari ekingo diote.
 
Garbiketa 12.30 bitartean egingo dute eta Deba ibaia Soraluzetik igarotzen den tartean pilatutako zaborra jasotzea izango dute helburu. Hasiera batean, jasotako zaborra Plazan pilatzea zuten asmoa, baina azkenean edukiontzietara botatzea adostu dute. Ostean, mokadutxoa emango zaie parte hartzaileei.
 
Segurtasun neurriak hartu eta betetze aldera, izena eman duten boluntario guztiek asegurua egina dute.
 
Mendiko GPSa eta Flyschera bisita zozketan
Biharko ekitaldiarekin natur balioekiko sentsibilizazioa bultzatu nahi da herritarrengan, ibaiak benetan gordetzen duen zaborra begi bistan ipiniz eta gure ibaiak garbi mantentzeko kontzientzia sortuaz.
 
Boluntarioen lana saritzeko, guztien artean mendiko GPSa eta Flyscha ikustera joateko bi lagunentzat itsasontzian bidaia zozketatuko dituzte.  
 
Ekimen hau Debegesak bultzatutako "Ibai-lagun" programaren barruan dago. Programa honek bi ildo ditu, batetik, ibaiko espezie inbaditzaileak identifikatu eta ezabatzea. Bestetik, Deba eta Ego ibaien garbiketa lanak egitea.