Ikusgai dago dagoeneko Galtzagorrixek joan den zapatuan grabaturiko
lipdub-aren bideoa. Helburua aurtengo Santiago-Santa Ana jaien aurreko
giroa berotzea izan da, modu berean, jai herrikoi eta partehartzaile
batzuk sustatu eta aurten egon den parte hartze hori isladatzea ere.
Izan ere, bideoan herriko talde, elkarte, norbanako mordoxka batek hartu
du parte, guztira, 400 bat lagunek.
Jai batzorde sendoa eratu dute aurten Galtzagorrixak, 15 eta 30 urte
bitarteko 40 gaztez osatua. Ohar baten bidez grabazioaren filosofia zein
zen gogoratu dute: "Herria mugiaraztea baina festa eginez, zergatik
ez." Horrez gain, eskerrak eman dizkiete lipdub-ean parte hartu zuten
guztiei: "Zuek gabe ez zen posible izango!".
Hona Galtzagorrixak gazte mugimenduaren oharra:
"Soraluzeko jaiak gainean dira eta lana sendo egin dugu aurten ere
jai herrikoi eta parte hartzaileak antolatzeko asmotan. Aurtengoan
berezia izan da gainera, gazte mugimendu izaera gureganatu eta asanblada
potentea osatu baitugu, 15 urtetik 30 urte arteko gazteak batuz. Ilusio
handiz egin dugun egitaraua da. Orain jaietan festa eta lana uztartu
beharko ditugu dena behar den bezala atera dadin.
Larunbatean lip-duba grabatu genuen gainera Mugittu Gherrixa
lemapean, hori baita filosofia. Herria mugiaraztea baina festa eginez,
zergatik ez. Itziarren Semeak taldearen Mugi Gerriak kanta baliatu
genuen horretarako. 400 herritar inguruk parte hartu zuten lip-dubean
jarrera ezin hobez. Talde zein norbanakoak, bakoitza bere kolore eta
aldarrikapenekin.
Amaitzeko eskerrak eman nahi dizkiogu berriz ere lip dubean parte hartu zuten herritar guztiei. Zuek gabe ez zen posible izango!
Soraluzeko jaietan parte hartu! Giro bikaina egongo da eta!
Mugittu Gherrixa!"