Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak zigiluak Rico MacLarrin eta Marcos Coll Blues Band sortzaileak taularatuko ditu EIbarko Coliseo antzokian, gaur iluntzeko 20.15ean. Los Reyes del KO taldeko kide ohiak dira biak, nazioartean ere oso ezagunak. MacClarrin bateriajoleak blues, funk, jazz eta soul musika moldeetako artistekin lan egin du eta Coll Europako aho-soinularirik onenetakoa da.
Bikoteari lagunduz, Carlos Dalelane baxu jotzaile mozanbikearra eta Fred P.G. gitarra jotzaile frantsesa arituko dira.
Bestetik, Soraluzeko ZZ Blues Band (Zuhaitz Zatitxuak Blues Band dute izen osoa) arituko da bikotearen aurretik. Juan, Iosu, Gaizka, Joanesek osatutako taldea hasiberria izan arren, (Mugitu gherrixa jaitetako musika jaialdian sustraitu zen) zer erakutsi badutela diote. Blues doinuak eskainiko dituzte hauek ere.
Iluntzeko 20.15ean hasiko da kontzertua eta sarrerak lehiatilan bertan erosi daitezke, emanaldia baino ordutebete lehenago, 5 eurotan.