Bilduk dio oposizioak udal gobernuaren lana oztopatzen diharduela

plaentxia_com 2011ko ira. 5a, 16:54

Soraluzeko Bilduko zinegotziek komunikatua helarazi dute "Legegintzaldi berria ere, zoritxarrez, aurrekoaren bidetik" izenburupean. Debabarreneko mankomunitateko Soraluzeko ordezkaritzaren izendapenaren harira argitaratua. (+gehiago)
 
 

Bilduko zinegotziek oposizioak udal gobernuaren lana oztopatzen jarraitzen duela salatu dute. Udalean indarrean dagoen alderdiko ordezkaria bialdu ordez, oposizioak, EAJko Iker Aldazabal izendatu nahi duela-eta, EAJ eta PSE-EEren nahia "Bilduk Zubietako erraustegirako proposatutako moratoriaren kontrakotasuna bermatzea" dela.
 
Kritikatu dute mankomunitatean gehiengoa ziurtatuta izanda ere, euren hautagai bat izendatu nahi izatea (EAJk eta PSE-EE alderdiek gehiengo absolutua dute mankomunitatean; bertako lehendakari Arcadio Benitez Eibarko PSE-EEko zinegotzia izendatu zuten).
 
Gutunean diote lortu nahi dutena "udal gobernuaren lana oztopatzen jarraitzea" dela eta gogoratu dute, horrelako erabakiekin "benetan kaltetzen dutena Soraluzeko herria eta ondorioz herritarrak" direla. 
 
Maiatzeko hauteskundeen ondorengo lehen saioan izendatu gabe geratu ziren erakunde kolegiatuetarako ordezkariak, oposizioa abstenitu egin zelako.  Irakurri komunikatua:

LEGEGINTZALDI BERRIA ERE, ZORITXARREZ, AURREKOAREN BIDETIK


Udal gobernuaren lana oztopatzea izan zen EAJ eta PSE-EE alderdien zinegotziek aurreko legealdian eduki zuten helburu politikoa. Aurtengo hauteskundeen ostean, politika egiteko modu arduragabe horrekin bukatzeko garaia zela ulertuta, Bildutik elkarlanerako proposamena luzatu genien bi alderdi horiei. Gobernu-taldearen osaketa zein batzordeburuen izendapenak guztien artean banatzeko proposamena luzatu genien horretarako. Ezezko erantzuna jaso ostean Bilduko zinegotziekin osatu genuen gobernu taldea.


Azken kapituloa Debabarrenako mankomunitaterako ordezkaria izendatzearekin ari gara bizitzen. Soraluzeko udalean eta mankomunitatean ordezkari bakarra duten inguruko herri guztietan gobernuan dagoen aldeardiaren ordezkariak izendatu izan dira beti mankomunitaterako. Ba orain EAJk eta PSE-EEk Iker Aldazabal izendatu nahi dute soraluzeko ordezkari mankomunitatean. Zein da horretarako arrazoia? Ba Zubietako erraustegirako Bilduk proposatutako moratoriaren kontrakotasuna bermatzea debabarrenako mankomunitatean.


Baina hara non gure herrian oraindik ordezkaria izendatu gabe badago ere, beste herrietako ordezkariak uztailean izendatu zirenez dagoeneko martxan da mankomunitatea. PSE-EEko ordezkari bat izendatu dute lehendakari, eta mankomunitatean gehiengo absolutua daukate PSE-EEk eta EAJk.


Ondorioz, moratoriaren aurkakoek gehiengoa ziurtatuta daukate jadanik mankomunitatean. Beraz, ze lortu nahi dute Ikerren izendapenarekin? Ba argi dago, udal gobernuaren lana oztopatzen jarraitzea.


Politika egiteko modu arduragabe horrekin Bilduko ordezkarioi lana zailduko digutela dudarik ez dago. Baina benetan kaltetzen dutena Soraluzeko herria eta ondorioz herritarrak dira.


Gu ahaleginduko gara bizi dugun egoera ekonomiko larri honetan ahalik eta modurik arduratsuenean jokatzen, eta benetan estimatuko genuke udaleko beste zinegotziek ere laguntzeko borondatez egingo balute beraien jardun politikoa.


Bildu Soraluzeko zinegotziak