Udalak kontratatutako Cristalux enpresako langileek salatu dute azken hilabeteetan ez direla kobratzen ari. Langileak "nazkatuta" daude enpresak erantzunik ez emateaz: "beti esaten digute bihar kobratuko dugula, nazkatuta gaude luzamendutan ibiltzeaz eta noiz kobratuko dugun jakin nahi dugu, bestela grebara joango gara".
Soraluzen zazpi garbitzaile dira guztira eta udalaren instalazio guztiak garbitzeaz arduratzen da: kiroldegia, eskola, institutua, udaletxea, brigadako lokalak, frontoia...
Cristalux-i udalak ordaintzen dio eta enpresak diru horretatik bere
langileei ordaintzen die. Baina langileek diotenez enpresak zorrak ditu
Gizarte Segurantza eta Ogasunarekin eta horietara bideratzen du orain
jasotzen duen dirua.
Sei hilabete kobratu gabe
Hainbat kasu daude, muturreko kasua 6 hilabete kobratu gabe daramatzan plaentxiar batena da. Azaldu duenez, enpresarekin traturen bat egiteko prest daude langileak eta proposamenak ere luzatu dizkie arazoa konpontze aldera:
"Esan diegu plantila erdia likidatzeko eta gero beste erdia, zorrak apurka kitatzen joan daitezen, baina ez dugu erantzunik jasotzen. Gu ignoratzen ari dira, bai langileak eta baita sindikatuak ere. Horregatik, erabaki irmo bat hartu aurretik herritarrak informatu nahi ditugu gertatzen ari den guztiaz".
Astelehenean epaiketa
ELA sindikatutik azaldu dute abenduan soldatak erreklamatzeko demanda bat ipini zutela. Enpresak ez zuenez aurpegirik eman, epaiketa egingo da datorren astelehenean Eibarren. Langileak sindikatuarekin batera, beste demanda bat prestatzen ari dira.