Soraluzeko Bilduk elkarlanerako proposamena luzatu dio EAJ eta PSE-EEri

plaentxia_com 2011ko eka. 9a, 14:57

Gobernu Batzordean bakoitzari leku bana ematea proposatu diote, baita batzordeak denen artean banatzea ere. Oraingoz ez du lortu alderdiek proposamenarekin bat egiterik. Irakurri Bilduren proposamena

 
Ohar baten bidez jakinarazi du Soraluzeko Bilduk hainbat bilera egin dituztela EAJ eta PSE-EErekin eta elkarlanean aritzeko proposamena luzatu diotela bi alderdieri. Diotenez, oraingoz, ez dute lortu besteek proposamenarekin bat egiterik. 
 
Bilduren asmoa bere herri programa garatzeko lau urtetako plan estrategiko bat gauzatzea da eta horretan, EAJ eta PSE-EEtik egin dituzten proposamenak ere kontuan izango lituzkeela dio.
 
Gobernu Batzordean alderdi bakoitzari leku bana
Udaletxeko banaketari dagokinez, Bilduk alderdi bakoitzari leku bana ematea proposatzen du, Bilduk 2, EAJk 1 eta PSE-EEk 1. Gehitzen du, batzordeak denen artean banatzeko prest legokeela, "guretzat garrantzitsuagoa da zer egingo dugun, nork egingo duen baino". 
 
Hona hemen egin duen komunikatua:
 

SORALUZEKO BILDUren oharra:

Maiatzaren 22ko hauteskundeetan Soraluzen alde nabarmenez irabazi ostean hainbat bilera egin ditugu EAJ eta PSE-EErekin herrian. Bilera horietan ondorengo proposamena aurkeztu diegu batari zein besteari: 

Urte luzeetako gatazkak, ezin ulertuak… gainditzeko Bilduk apustu estrategikoa egin duela agerikoa da. Apustu hori egin izanaren ondorio da Bilduk Euskal Herrian hauteskundeetan jaso duen babes izugarria. Orain asmo horiek aurrera egin dezaten egoera ahalik eta egokien kudeatzea dagokigu.

Soraluzen ere garai berri hauetara egokitutako bidea jorratu nahiko genuke datozen lau urteetan. Argi dago bakoitzak badauzkala bere ezaugarri eta irakurketa propioak, baina orain arteko frentismo, horma eta ezinikusiak gainditzeko bidea egiteko prest gaude gu. 

Horregatik ondokoa da bai EAJ zein PSE-EE alderdiei luzatzen dizuegun proposamena:


  • Ez dizuegu ez batari eta besteari paktu proposamenik egingo. Ez dugu uste bata zein bestea aparte uzteko momentua denik.

  • Bilduren herri programa izan da babesik handiena jaso duena. Gure asmoa programa hori garatzeko lau urtetako plan estrategiko bat egitea da datozen asteetan.

    Plan hori ordea ahalik eta aberatsen eta integralena izatea nahi dugu, horregatik EAJ eta PSE-EEtik egin dituzuen proposamen ahalik eta gehien ere sartu nahiko genituzke plan horretan. Promesa hutsala ez dela ikus dezazuen prest gaude ekainaren 11 aurretik konpromiso zehatzak hitzartzeko.

  • Udaletxeko organoei dagokienez:

    • Gobernu Batzordean bakoitzari leku bana ematea proposatzen dizuegu. Osaketa: Bildu 2, EAJ 1, PSE-EE 1.

    • Gure herri programarekin eta zuen ekarpenekin datozen lau urtetarako plan estrategikoa elkarrekin adostuko bagenu, ez dugu inolako arazorik batzordeak ere guztion artean banatzeko. Guretzat garrantzizkoagoa da zer egingo dugun, nork egingo duen baino.

Elkarlana da proposamenean eskaini dieguna bai batari zein besteari. Baina bilera hauek egin ostean oraingoz ez dugu lortu EAJk eta PSE-EEk proposamen honekin bat egiterik.