Bildu Soraluzek hauteskundeetan jasotako emaitzen balorazio "oso positiboa" egin du.
Alde batetik, soraluzetarrek azken legealdian ezker abertzaleak eta EAk egindako lanaren balioa aitortu eta babestu dutela nabarmendu dute koalizioko kideek eta "bidean izandako oztopoak gaindituz, udalgintzarako herritar talde eta programa bikaina osatzea lortu" dutela, "orain lau urte behin-behineko aldaketa koiunturala zirudiena egonkortuz eta sendotuz".
Bilduk koalizioak ilusioa ekarri duela gehitu dute: "Euskal Herriko eta Gipuzkoako beste herri askotan bezala, Bilduk aurkeztutako zerrendak eta programak ilusioa piztu du soraluzetarren artean ere. Herriak berba egin du eta soraluzetarren gehiengo zabal batek Bilduri eman dio bere botua eta konfidantza".
Elkarrizketak
Aurreratu dute datozen egunotan hasiko direla EAJ eta PSE-EE-rekin berbetan : "Lehen indar politikoari dagokion moduan, datozen egunotan herrian ordezkaritza duten gainerako alderdiekin –EAJ eta PSE-EErekin– elkarrizketak hasiko ditugu. Gure programa mahai gainean jarriko dugu eta elkarlanerako izan daitezkeen aukerak aztertuko ditugu".
Amaitzeko eskerrak eman dizkiete eurekin bat egin duten herritarrei: "Eskerrak eman nahi dizkiegu euren languntza eta babesa eman diguten soraluzetar guztiei eta jakinarazi nahi diegu gure esku dagoen guztia egingo dugula herritarren nahia betetzeko".