"Haitik behar gaitu. Haiti behar dugu" argazki erakusketa zabalduko du gaur Misio Taldeak

plaentxia_com 2011ko mai. 25a, 12:00

Lurrikarak herrialdean izan duen eragina ikustarazi nahi dute erakusketa honekin. Argazki batzuk Haitira bidalitako materialaren kudeaketa nola egin zen jasotzen dute.


 
 
 
 
 
 
 
 
Soraluzeko Misio Taldeak "Haitik behar gaitu. Haiti behar dugu" argazki erakusketa zabalduko du gaur arratsaldeko 19.00etan.
 
Erakusketan ikusgai dauden argazki batzuk Haitira bidalitako materialaren kudeaketa nola egin zen islatzen dute, jasotako laguntzaren biltegiratzea nola egin zen, kontainerren paketatzea eta Santo Domingora heldu zenekoa; Haitira bidaltzea edota janariaren banaketa bertakoen artean.
 
Lurrikararen ondorengo momentuak eta hurrengo asteetako irudiak ere badaude.
 
Zazpi urteko lankidetza
Herriak Elkarlanean-ek eta Elizbarrutiko Misio Ordezkaritzak zazpi urte daramatzate Haitirekin lanean, Jascmel herrian.
 
"SOS Haiti" kanpainaren bitartez bertan egin duten lana erakutsi eta lurrikarak herrialdean izan duen eragina ikustarazi nahi dute erakusketa honekin:

"Errefuxiatu eremuetan ateratako argazkietan emakumeek, haurrek eta pertsona helduek bizitakoa erakutsi nahi izan dugu, babesgabeen egoera, alegia. Pobreziaren biktima diren pertsonen aurpegiak posaturik gabe eta naturaltasunez ageri dira, itxaropenez Haiti berri baten zain.
 
Gonbidapena zabaltzen diogu herri guztiari, beste mundu bat eraiki leikela sinisten duteneri".
 
Zenbait irudik pertsona batzuen sentsibilitatea zauritu dezaketela jakinarazi dute: "Irudi krudelak izanagatik arinenak aukeratzen saiatu bagara ere, zenbait kasutan errealitatearen gordintasuna adierazten duten argazkiak daude".
 
Erakusketa ordutegia:
Maiatzak 25etik ekainak 4ra.
Astegunetan 19.00etatik 20.30era.  Zapatuetan 11.00etatik 13.30era.