Atzo legealdiko azken
udalbatzarra egin zen saio aretoan. Gai esanguratsuena Maisuen
Etxeetan errentariak hautatu eta ontzat emateko Oinarriak bozkatzea
izan zen. Alderdi sozialistak gaia mahai gainean lagatzeko eskatu
zuen, zenbait punturen gaineko zalantzak medio. Udal Gobernu Taldeak
onartzearen alde bozkatu zuen, mahai gainean lagatzearen alde egin
zuten EAJ, PP eta PSE alderdiek. Ondorioz, bere horretan geratu da
gaia eta hurrengo legealdiko udalbatzarrean eztabaidatuko dute.
Ezoziko kirol instalazioen
erabilpena onartu dute
Udalaren eta Soraluzeko Futbol
Taldearen arteko hitzarmena onartu zuten Udal Gobernu Taldearen eta
EAJ-ren aldeko botuekin; PP eta PSE abstenitu egin ziren.
Hitzarmenari esker, besteak beste, herritarrek bertako instalazioak
erabili ahalko dituzte futbol taldeek bertan jokatzen ez duten
sasoian. Azkenik, etxez-etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileen
artean botiken erabilera optimizatzen duen programa garatzeko,
udalaren eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoaren arteko lankidetza
hitzarmena aho batez onartu zuten zinegotziek.