Gazte mugimenduak "Matxinsalto eguna" ospatuko du apirilaren 22an Soraluzen

plaentxia_com 2011ko api. 7a, 12:36

Atzoko prentsaurrekoan egitaraua aurkeztu zuten. 700 lagunendako bazkaria prestatuko dute frontoian.

 
 
 
 
 
 
 
Matxinsalto eguna aurkeztu zuten atzo gazte mugimenduko kideek Plaza Barrian, "gazte problematikari aurre egiteko, iraultzari buruz eztabaidatu eta gazteriaren kontzientzia kolektiboa berreskuratzea helburu duen eguna". Apirilaren 22an izango da eta Soraluzen ospatuko da.
 
Atzoko prentsaurrekoan euskal gazteriari bertaratzeko deia luzatu zioten : "gazte guztiak elkarlanean Soraluzen iraultzari ekingo diogu, matxinadara salto egingo dugu guztion artean geldiezina izango den indarra artikulatuz. Egun osoko egitaraua da proposatzen duguna, egitarau parte hartzailea oinarri eta hasieran aipatutako bi hitzei leial: autogestioa eta koherentzia".
 
Egun guztiko egitaraua antolatu dute "partehartzailea oinarrian eta autogestioa eta koherentziari leiala" izango dena. Goizeko 10.00etan hasiko dira tailerretan izenemateak. Bost tailer antolatu dituzte, bakoitzak bere gaia jorratuko duelarik: Harremanak eta sexualitatea; Komunikazioa; Kultura; Hezkuntza eta nekazaritza.
 
Frontoian 700 lagunentzako herri bazkaria aurreikusi dute eta beraz, Euskal Herri guztiko gazteriak beteko ditu kaleak hilaren 22an. Bazkaria herriko nekazarien produktuekin egingo dute eta txartelak egunean bertan erosiko dira. 
 
Bazkalostean zazpi gunetan banatutako kultur maratoiaren txanda izango da, zein baino zein interesgarriagoa. Besteak beste, dantza afrikarren ikastaroa, euskal hip-hoperoak, kale animazioa, erromeria...
 
Informazio gehiago: www.topatu.info/matxinsalto

Matxinsalto Eguneko egitaraua
 
  • 10:00etan izen ematearen irekiera Udaletxeko arkupean
  • 11:00etan harrera Plaza Berrian
  • 11:30-14:30 tailerrak
1.- Harremanak eta sexualitatea
2.- Komuniakzioa
3.- Kultura
4.- Hezkuntza
5.- Nekazaritza
  • Ondoren bazkari herrikoia frontoian (txartelak egunean bertan izen ematearekin batera salgai).
  • Behin bazkaldu eta gero herriko txoko ezberdinetan kultur maratoia burutuko da. Honako guneak egongo dira:
  • Salto ausardiaz!: Dantza afrikarrak eta zanpantzarrak. Ez ikusteko, normalean bezala, baizik eta ikasteko. Dantza afrikar ikastaroa emango dute. Zanpantzarrak ere trajea jantzi eta bere ibilera bitxia ikasteko aukera izango da. Honetaz gain rokodromoa eta zirkoa ere egongo dira.
  • Salto erritmoaz!: Goienetxe familia, Norte Apache, graffiteroak… Euskal Herriko hip-hoparen adierazgarriak.
  • Salto irudimenaz!: Bideo eta irudi sorkuntzaz osatutako erakusketa gela ilunean. Gazteon ikusentzuneko sormen lanak ikusteko aukera paregabea.
  • Salto kalera!: gelditzeko unerik utziko ez digun kale animazioa.
  • Salto sormenaz!: kontzertu didaktiko berezia musikari oso bereziekin eta ondoren bertso-hop emanaldi berezia.
  • Salto zentzumenetara!: Didgeridoo emanaldia, kontzertu lasaiak, txalaparta emanaldi bereziak…
  • eta gauean… Salto Dantzara!: Izateren kontzertua, erromeria Xeroxiette taldearekin eta sorpresa gehiago ere ez dira faltako!