EAJ-PNVk Iker Aldazabal aurkeztu du Soraluzeko alkatetzarako

plaentxia_com 2011ko api. 5a, 12:57

Aurkezpenean Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentearen babesa jaso zuen.

 
 
 
 
 
 
 
Atzo arratsaldean Soraluzeko EAJ-PNVk Iker Aldazabal (Soraluze, 1977) aurkeztu zuen udal hauteskundeetarako hautagaitzat. Ekitaldia Batzokian egin zuten eta Joseba Egibar Gipuzkoako Buru Batzarreko presidentearen babesa jaso zuen hautagai jeltzaleak.
 
Aurkezpenean, krisi ekonomikoa eta udaleko diru kontuak ekarri zituen gogora Aldazabalek eta Soraluzeko Udalaren egoera ekonomikoa "oso kezkagarria" dela esan zuen. Oposizioan egon diren lau urte hauen balantzea egin zuen ostean: "Lehen aldiz gure taldea oposizioan egon da. Lau urte hauek gogorrak izan dira baina asko ikasi dugu esperientzia honetatik". 
 
Soraluzeko Ezker Abertzalea eta Eusko Alkartasunari gauza asko hitz eman zituztela baina herriko premiak berdinak izaten jarraitzen dutela esan zien eta ondorengoa gehitu "Beste gai batzuetan okerrera egin dugu, besteak beste, zirkulazio aldaketa eta peatonalizazioaren kasuetan; beraz, esan dezakegu Soraluzek aurrera ez duela egin lau urte hauetan". 
 
Lehentasuna egoera ekonomikoari buelta ematea
Hautagai jeltzalearen ustez, alderdiaren lehentasuna udaleko egoera ekonomikoari buelta ematea izango da, eta aurreratu zuen ondorengo asteetan zehaztuko dituztela datozen lau urteetan burutuko dituzten proiektuak. 
 
pnv-aurkezpena2.jpg