Euskeraz Bizi Egunak herria hartuko du bihar

plaentxia_com 2011ko api. 1a, 03:00

Gaur iluntzean Arrasateko Ain_1 taldeak musika, poesia eta dantza uztartzen dituen emanaldia eskainiko du Zinean. 

 
 
 
 
 
 
 
17. Korrika bi aste barru igaroko da Soraluzetik. Bada astebete ordea Korrika Kulturaleko ekitaldiak martxan daudela, besteak beste, gaztetxean egin zen kantu afaria edo Debatik Lasturrerako mendi martxa. 
 
Apirilaren 13a bitartean oraindik egongo da zer ikusi. Hasteko, gaur gauean Arrasateko Ain_1 taldeak emanaldia eskainiko du 22.30ean Zinean. Laukote honek  poesia, musika eta dantza uztartzen ditu. Euren myspace-ko orrian horrela deskribatu dute euren zuzenekoa: "Doinu malenkonikoak, berbaren garrantziak eta dantzaren espresibotasunak emankizun ezberdina osatzen dute, leku txiki eta goxoetan antzezteko egokia".
 
Antolatzaileek zinea atonduko dute giro goxoa sortzeko. Aurreratu dutenez, edari "goxoa" eskainiko dute bertaratzen direnen artean.
 
 
Goizetik iluntzera euskeraz biziz
Hori da biharko Euskeraz Bizi Egunaren helburua, euskera gogoan eta ahoan erabiltzea eta egun guztian zehar. Egitaraua adin guztietako jendearentzat egokitu dute. Goizean txikienek "Poxpolo Mokolo eta konpainia" pailazoak ikusteko aukera izango dute, goizeko 11.30etik aurrera frontoian. 
 
poxpolo kartela.jpg
 
 Ordu berean, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak bere 30. urteurrenaren harira egindako "Izan, egin, eragin" hitzaldi-dokumentala proiektatuko dute parrokiako lokalean. Eguerdian berriz, herri bazkaria egingo dute Kalebarrenen. Bihar arte luzatu dute txartelak eskuratzeko aukera, goizean prezioa mantenduko da (8 euro langabetuak, 10 euro besteek). Eguerditik aurrera 12 eurotan salduko dituzte tiketak. 
 
Bazkalostean Berni kantautore bizkaitarrak kontzertua eskainiko du Kalebarrenen bertan. Eguneko azken ekitaldia Xero Xietteren erromeria izango da, Zubi Nagusian. 
 
Hurrengo asteetan ekitaldi gehiago
Hurrengo asteetan, Korrika heldu bitartean nahikoa ekintza badaude: Laburbira euskarazko film laburren proiekzioak, pelota partiduak, Xabier Leteren omenaldia, hitzaldia eta Korrika Eguna bera.  
 

    • EUSKARAZ BIZI EGUNA
      • 11.30ean, Haurrentzako pailazoak Frontoian
      • 11.30ean, EHE 30 urte, hitzaldi-dokumentala, parrokiako lokalean
      • 13.00etan, Dantza ikuskizuna, Zubixan
      • 13.30ean, Euskararekin jolasean, Gaztetxean
      • 15.00etan, Herri bazkaria, Kalebarrenen
      • Ondoren, bazkal oste zoragarria Berni kantautorearekin.
      • 19.00etan, Xero Xietterekin erromerixia, Zubixan
    • *Bazkarirako txartelak salgai: Iratxo, AEK, Arrano eta Gaztelupian