Mikel Etxeberria: "Euskal gizarteak argi dauka nuklearren aurka dagoela"

plaentxia_com 2011ko mar. 24a, 13:37

Nuklearren aurkako aktibista honek energia nuklearraren gainean gogoeta egin du.

 
 
 
 
 
 
 
Mikel Etxeberria Casas (Soraluze 1953) nuklearren aurkako aktibista da. Nuklearren kontrako Soraluzeko komiteko partaide izan zen, Euskadiko antinuklearren koordinadoraren baitan. 1970ean Euskal Herrian bizi zen giroan buru-belarri ibilitakoa, Lemoiz, Endata-Deba, Ispazter edo Tuterako proiektuen aurka egin zuen.
 
Bere ibilbideaz galdetu diogu Etxeberriari, Japoniako eztanda nuklearrak sortutako kutsadura arriskuaz eta energia nuklearraz.
 
"Euskal gizarteak argi dauka nuklearren aurka dagoela"
 
Zelan sortu zen zugan energia nuklearren aurka egiteko beharra?
Ulertu nuen arriskutsua zela osasunarentzat zein ingurugiroarentzat. Ikusi nuen plutonioa moduko helburu armamentistikoak lortzeko instrumentua ere bazela, zeinarekin arma nuklearren industriaren zati haundi bat garatzen den.
 
Herri mugimenduak zentral gehiagoren eraikuntza geldiarazi zuen. Zelakoak izan ziren 70-80 hamarkadak?
Euskadiko mugimendu antinuklearra oso garrantzitsua izan zen. Eta ez estatu mailan bakarrik, Europan ere eragin zuen energia nuklearren gaineko eztabaida aipagarrian lagunduz eta nuklearra geldiarazi nahi zuten talde sozialei babesa emanez.
 
70-80 urteetan masen mugimendu haundiak eman ziren. Mugimenduok klase kontzientzian oinarritzen zen, eta ez bakarrik energia nuklearraren aurka, baita bestelako borroka sozialen alde. Horren gainean asko argitaratu da, nahiz eta zoritxarrez gertaera historiko soiletan geratu diren.

Pozgarria izango zen herritarren presioak Iberdueroren planak gelditu zuela ikustea...
Lemoizkoa Iberduerorentzat frenoa izan zen, ez halere euren poltsikoentzat, urte askoan zehar kontadorearen erreziboetan ordaindu izan baitugu zentralen eraikuntza eta bestelako ekimen asko, agintzen ziguten bizi kalitatean eragin ez dutenak.

Borroka urte luzeak izan ziren haiek baina badirudi eztabaida lausotu egin dela. Kalean zein komunikabideetan. Uste duzu euskal gizarteak nuklearren aurkako iritzia mantentzen duela?
Noski baietz, ezkutuko kontzientzia da, giza mugimendu zabalago baten barruan dagoena. Baina bizirik dago, euskal gizarteak argi dauka nuklearraren aurka dagoela, eta nahiz eta modu sinbolikoan izan, aldian-aldian Garoñaren aurka manifestatzen da.
 
Debatea ez da desagertu, hor dago eta hori mantentzeaz indar politiko desarrollista eta liberalenak arduratzen dira, nohizbehinka nuklearren aldeko apostu haundiagoa egiten dute eta horri adi egon gaitezen motibatzen gaituzte.
 
JAPONIA: “Japoniak 54 zentral ditu munduko zona sismikoenean kokatuta” 
 
Hiroshiman eta Nagasakin gertatutakoaren ostean, zela da posible Japoniak hainbeste zentral eraiki izana?
Japonia potentzia ekonomiko bat da baina daraman garapen erritmorako ez ditu energia iturri asko. Horregatik, bere industria eta ekonomia hornitzeko energia nuklearra behar du. Denera 54 zentral ditu, AEB-n atzetik nuklearren munduko bigarren potentzia da eta planetako zonalde sismikoenean kokatua dago.
 
Ze kalte izango dituzte Fukushimako zentralaren inguruek eta bertan bizi direnek?
Ondorioak begibistakoak izaten ari dira japoniarrentzat: oinarrizko elikagaiak erretiratu dituzte, kutsaduraren lehen sintomak ageri dira herritarrengan... baina hemendik aurrera erradioaktibitatetik deribatutako benetako osasun arazoak ikusiko dira, leuzemiak, minbiziak...urte luzeetan zehar.
 
Ezin dugu ahaztu Txernobil eta Harrisburg-etik eratorritako gaixotasunak oraindik ere agertzen direla.
 
Guri ere eragingo digu?
Kontu haundia izan behar dugu Japongo produktuekin, arraina edo mariskoarekin esaterako. Izan ere, erradiazioa atmosferatik dator, euriaren bitartez lurra, landareak eta ura zikintzen ditu, desagertzeko ehundaka eta milaka urte behar dituen sustantziez zikindu ere. Kutsadura erradioaktiboaren baitan, gama altuko eta baxuko hondakinak daude eta bakoitzak bere desintegrazio prozesua du. Horietako batzuena 500.000 urte luzatzen da.
 
Kaltea egina dago, baina zer atera daiteke honetatik?
Fukushimak gogoeta egiteko balio behar digu. Jatorri nuklearreko erradiazioaren efektuetan pentsatu behar dugu. Balio behar digu baita garapenerako ze eredu behar dugun eta zelako bizi kalitatea nahi dugun erabakitzeko.
 
 
ENERGIA NUKLEARRAZ: "Garapen ekonomikoa eman daiteke energia gutxiago kontsumituz".
 
Zergatik da energia nuklearra arriskutsua?
Uranioaren explotaziotik bertatik da arriskutsua eta Radon izeneko gasaren jarioa dela eta. Fisio prozesuan zehar ere bai, baina bereziki, hondakin oso arriskutsuak sortzen direlako eta milaka urtetan iraungo dutenak. Horiekin zer egin inork ez dakiela, inork ez baititu nahi eta horren arrazoia da, herrialde guztiak konziente direla kontainer horiek gordetzen duten arriskuaz.
 
Ze abantaila ditu?
Abantaila energia sortze hori da, gero eta behar haundiagoak dituen mundu batean, gero eta kontsumistagoa dena eta konfunditu egiten duena “energia aurreztea kobazuloetara itzultzearekin”, eta hori ez da horrela. Industria sortu, garapen ekonomikoa izan, bizi kalitate ona izan daiteke, energia gutxiago kontsumituz.
 
Baditugu berau ordezteko behar beste energia alternatibo?
Noski baditugula, eguzkitik eratorritako energia guztiak, nahiz eta uste dudan ez direla nahikoa egun dugun garapen ereduari erantzuteko. Izan ere, energetikoki oso menpekoak baikara, petrolioarena bereziki. Gaur egun badakigu petrolio enpresa haundiek modelu energetiko guztien patenteak dituztela (energia termiko, eoliko, eguzki energia etab.) eta eurak direla mundu energetikoa eta ikerketa eta instalazioak behar duten garapena kontrolpean dutela.

Badira “Laugarren Belaunaldiko” energia eskatzen dutenak, segurtasun arazoak ebazten ditu eta sortzen dituen hondakinen birziklatze eraginkorragoa egiten duena. Baina hori heldu orduko urte asko pasa beharko dira.
 
Estatuen energia kudeatzeko politikak aldatu beharko liratekee?
Aldatu beharko liratekeenak politikoak dira, eta eurekin petrolerekiko eta eredu ekonomiko honekiko dependentzia. Politikoak petrolio lortzeagatik gauza dira herrialdeak inbaditu eta ehundaka lagun akatzeko, zeinari zinikoki “ekintza humanitario” izenez deitzen dioten.