Plaentxia.com Japonen bizi diren plaentxiarrekin harremanetan ipini da. Bertan bizi da duela 50 urtetik Inazio Oregi jesuita, Yamaguchi probintziako Shunan hirian.
Lurrikararen erdigunetik 1500 kilometrotara bizi
da bera eta kontatu duenez ez dute apenas lurrikararen eraginik igarri : "Hamen ezer ere ez da igarri. Egun
normal eta trankila zan. Hiru jesuita bizi gara hemen, alkarrekin eta
telebista ikusten zerela konturatu ginan pasatutakuaz. Galdetu
genduan, baina hori nun da? Japonen, hamen! Horixe izan zan euki
neban lelengo notizixia".
Yamaguchi probintzian (mapan gorriz) bizi da Oregi.
Nahiz eta lurrikara igarri ez, Oregi oso kezkatuta azaldu da bizitzen ari dan egoerarekin, batez ere, hainbat lekutan egon direlako lurrikarak: "Terriblia izan da eta gainera asko
hedatu da. Bestetan egon izan diran lurrikarak oso lokalak izaten dira. Baina hau hainbat tokittan emon da.
Dana dala, eskerrak
Japoneko herri populatuenetan ez dala izan, bestela, 20 bider hildako
gehixago egongo ziran! Tsunamixa ikusiko zenduen telebistan
be. Ez dago hori geratuko dabenik gero! Hamen, etxebizitza gehixenak
egurrezkuak dira eta urak txalupak moduan eruaten zittuan".
Hiroshima gogoan
Orain momentuan, lurrikarak eta tsunamiak protagonismoa galdu dute Fukushimako zentral nuklearren eztanden ondorioz. Antza denez, Japonian ere horrek sortu du beldurrik haundiena:
"Radiazinuana da oin problemarik
haundixena eta jendia horren bildur da. Bildur haundixena horrek
emoten dau oin.
Guk euki dogun inpresinua, Hiroshiman bonba
atomikua jausi zaneko modukua izan da. Orduko argazkixak badaukaguz
eta oso antzeko gerakarixa izan da. Hasiera batian zentral nuklearren onduan bizi ziranei
esan zotsen 2 kilometro urrintzeko. Gero 10, eta azken
barrixa 20 kilometro urrintzeko da. Beraz, seguruenik hurrengo 30 km
urrintzeko aginduko dabe. Baina klaro, jendia ezin leike eskursino
batian moduan alde batetik bestera ibili.
Eta hori da orain gertatzen ari dena. Oregik dioenez, japoniarrek orain buruan dutena bertatik ahalik gehien urruntzea da, hau da, iparekialdetik, hegoaldera zein mendebaldera jotzen ari dira herritarrak, senide eta lagunen etxeetan babes bila ari dira.
"Hontatik be egingo dabe aurrera"
Jendeak kalean zer dioen galdetuta, Oregik erantzun du japoniarrak etsita daudela, baina gertaera hau gaindituko dutela, lehenago egin izan duten bezalaxe: "Jasoko dabe hau dana, lehenago be gertaera
terribliak euki izan dittue eta hontatik be egingo dabe aurrera. Osakan bertan be oin urte batzuk
lurrikaria egon zan eta daguaneko ez da geratzen haren arrastorik”.
Orain ikusi egin behar ze gertatuko den datozen egunotan Japonian. Zentral nuklearrak beste bi eztanda izan ditu eta radiazioaren hedapena zenbatekoa den ikusi beharko da.