Mankomunitateko garbitzaileek zaborra bere lekuan uzteko eskatu dute

plaentxia_com 2011ko mar. 2a, 02:00

Herritarrek zabor-poltsak paperontzietara botatzen dituztela salatu dute garbitzaileek. 

 
 
 
 
 
 
 
 
Udalak mankomunitateko garbitzaileengandik kexa jaso du. Herritarrek zabor poltsak kaleko paperontzi txikietan lagatzen dituztela diote, zabor poltsak lagatzeko bideratutako edukiontzietara bota beharrean. 
 
Garbitzaileen arduradunak, jendea ohitura gero eta haundiago hartzen ari dela dio eta "alperguragatik" egiten dutela: "Batzutan, paperontzitik edukiontzietara 10 metroko distantzia izaten da, beraz, askok alperguragatik bertan lagatzen dituzte. Kontua da gero eta gehiago ikusten ditugula horrelakoak". 
 
Aipatu duenez, orokorrean ondorengo puntuetan pasatzen da aipatutakoa: Gabolats kaleko errekararako eskilaretan, Gipuzkoa etorbideko parkean, Atxuriko parkean, Bolia taberna ondoan, Santa Ana kalean (loteria administrazioaren inguruan), Arraikuako parkean eta Errekaldeko portxeetan.
 
Arduradunak eskatu du, behar den lekuan uzteko poltsak, bestela ez dutela paperontziaren funtzioa betetzeko balio: "Paperontziari zabor-poltsa bat ipiniz gero, ez du paperontzi moduan erabiltzeko balio, leku guztia hartzen baitu. Guri gainera, lan gehiago ekartzen digu".
 
{mosimage} 
 
Argazkiak mankomunitateko langileek beharrean zeudela ateratakoak dira.