Eguaztenean Aztiker ikerketa soziologikoan espezializatutako enpresak udalak eskatutako etxebizitzen gaineko azterketaren emaitzak aurkeztu zituen. Iazko urrian egindako inkestak herrian dagoen etxebizitza-premia eta etxebizitza hutsen egorea aztertzea zituen helburu.
Uste baino eskaera txikiagoa
Alde batetik, 18 eta 40 urte bitarteko herritarren %5ak (64 herritarrek) etxebizitza eskuratzeko premia azaldu dute. Gehienak 30 eta 35 urte bitarteko gazteak. Bestetik, familien %2´5ak (36 familiak) familia osoa bizilekuz aldatzeko beharra adierazi dute, egungoa baldintza txarrean dagoelako edo etxea txiki geratu zaielako. Gipuzkoako datuekin konparatuta Soraluzeko etxebizitzen eskaria txikiagoa da. Nahiz eta alokairua begi onekin ikusi, etxea aldatu edo eskuratu nahi dutenen erdiak baino gehiagok nahiago du etxea jabetzan hartzea.
109 etxe huts
Etxebizitza hutsen azterketan, 109 etxebizitza ageri dira maizterrik gabe. Horien artean, batzuk 2. etxebizitzak dira, salgai daude edo zalantzan, ez dute argitu zergatia. Etxebizitza horien gehiengoa (%70), hutsik dago. Bestalde, etxebizitza arazo larrienetako bat dela diote inkestatuek, nahiz eta benetan premiadunak hiritarren %5a baino ez izan.
Udalaren lehen irakurketa
Alkateak aurkezpenean adierazi duenez, azterketan jasotako datuak oso baliagarriak izango dira Udalak datozen urteetan garatu beharreko politikak zehazteko. Alkatearen esanetan, datuek argi erakusten dute herrian etxebizitza berriak egiteko eskaerarik ez dagoela eta hutsik dauden etxeak nahikoa direla gaur eguneko eskaerari erantzuteko. Etxe jabeei informazioa ematea eta etxebizitza lortzeko premia dutenei eskaintzaren berri ematea izan daitezke etorkizuneko zeregin batzuk.
Elkartzenek eraikitzeko beharrik ez dagoela esan du
Elkartearen ustez herrian dagoen eskaera asetzeko beste etxebizitza dago eta eskatu du etxebizitza gehiago ez eraikitzeko. Etxe hutsei irtenbide bat bilatzeko eskatu dio administrazioari eta etxeen jabeei alokairu sozial moduan merkaturatzeko eta zilegi ikusten dute alokatu ezean jendeak okupatzea.
Oharra: Inkestan herriko 451 familiek hartu dute parte, kalkuluen arabera herriko biztanlegoaren %30 ingururengana heldu da inkesta. Aztikerren esanetan, azterketako emaitzek %3 inguruko akats tartea izan dezakete.