Xabier Lete iragan abenduan joan zitzaigun. Bera gogora ekartzeko hainbat ekitaldi egin ziren Euskal Herriko leku askotan eta Soraluzen ere, bere omenez oroitze ekitaldi bat prestatzen dihardu herritar talde batek. Aurreko astean bildu ziren lehenengoz eta zer nolako ekitaldia prestatu pentsatzen hasi ziren.
Data erabakita dago, apirilaren 9an egingo dute emanaldi berezi hau eta Zinean izango da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehenengo bileran 10-12 kantuko errezitaldia eskaintzea adostu dute. Herriko musikari desberdinek Leteren abestiak eta poemak errezitatuko dituzte. Asmoa da, kantu bitarteetan bere bizitzan garrantzia izan duten kanpoko poeten (L. Cohen, G. Brassens edo J. Brel) itzulpenak eta bertsolaritzan, filosofian zein idazle moduan eginiko ekarpenak oholtzara ekartzea.
Oroitze ekitaldi polita antolatzen dihardute eta bideratuta dagoela diote. Hala ere, datorren otsailaren 13an, domeka, Allegro Elkartean errezitaldia prestatzeko egingo duten hurrengo bilerara agertzeko dei egin nahi dute.
Emanaldia prestatzeko hurrengo bilera: otsailaren 13an, 19etan Allegro Elkartean.