Errealeko jokalariak Ezoziko zelaian entrenatuko dira martitzenean

plaentxia_com 2011ko urt. 14a, 13:09

Sorako zuzendaritza oso pozik dago Errealaren bisita jasoko duelako. Goizeko 10.30etik 12etara arituko dira futbolariak Ezozin. Argazkia erreala.com

 
 
Urtarrilaren 18an Errealeko jokalariak Soraluzera etorriko dira bertan, Ezoziko zelaian entrenatzera. Alberto Berraondo Sorako ordezkaria pozik dago herrira etorriko direlako: "Uztailetik nabil lehen taldea hona ekartzeko Javi Perezekin harremanetan. Errealaren ordezkaria izanik, bere bitartekaritzari esker egin dugu posible Errealeko lehen taldea Soraluzera ekartzea eta oso pozik gaude" dio Berraondok. 
 
Uztailean berbetan hasi zenetik luze joan da kontua, arrazoi bategatik edo besteagatik atzeratu egin delako entrenamendu berezi hau: "Lelengo futbol zelaiko lanak atzeratu egin dira, inaugurazioan eurak ezin zirela etorri eta azkenean, datorren asterako egin dugu hitzordua. Neretzako alderik zailena 6 hilabete hauetan ixilik egotea izan da! Ezin ezer aurreratu!". 
 
Martitzenean goizeko 10etan iritsiko dira Soraluzera eta entrenamendua 10.30 aldean hasiko da 12ak arte. Soraluzeko ume eta gazteak jakinaren gainean daude eta igoko dira futbolari profesionalak bertatik bertara ikustera.