"Plaentxi"ren lagun talde bat bere familiari laguntzeko boletuak saltzen ari da

plaentxia_com 2010ko abe. 8a, 13:19

Euren lagunari agur duina eman nahi diote eta aldi berean bere familiari lagundu. Anoetan jokatuko diren partidu guztietarako 2 sarrerez gain, Errealeko jokalari guztiek sinatutako baloia eta txandala ere bidali dizkie Errealak.

 
Iñigo Salazar "Plaentxi"-ren lagun talde bat Errealeko partiduetara joateko boletuak zozketatzen ari da. Helburu xumea dute, alde batetik euren lagunari agur duina eman nahi diote eta aldi berean bere familiari lagundu: "Gure laguna ezin izan genuen behar bezala agurtu, bat-batean joan zen eta. Bere alarguna ez zen egoera onean gelditu eta partiduetarako sarrerak zozketatzea pentsatu genuen".
 
Iñigo Salazar "Plaentxi" abuztuaren 15ean hil zen Saloun (Tarragona) oporretan zela, bihotzekoak eman eta gero.  48 urte zituen eta hainbat futbol taldetan ibili zen, Urkotik Errealera pasa zen eta azkenik Eibarren jokatu zuen, defentsan.
 
Errealarekin harremanetan ipini ziren eta urte osoan Anoetan jokatuko diren partiduetarako 2 sarrerez gain, jokalari guztiek sinatutako baloia eta txandala ere bidali dizkiete. Laguntza leku guztietatik jaso dute, baita Plaentxiko Errealzaleen aldetik ere, partiduetara joateko autobusean bi leku gordeko dizkiete zozketako saridunei. 
 
Errealeko eta Athletic-eko beteranoen arteko derbya urtarrilean
 
"Plaentxi"ren lagunak urtarrilera begira Errealeko eta Athletic-eko beteranoen arteko partidua antolatu nahi dute. Futbolariekin harremanetan ipini dira dagoeneko eta derbya jokatu dezaten ahal duten guztia egiten dihardute. Asmoa da egun horretan saski potoloa zozketatzea eta horretarako herriko merkatariekin harremanetan ipiniko dira, saskia betetzen lagundu diezaieten. Printzipioz, hurrengo partidurako bi sarrerak hilaren 16an zozketatuko dira, 21:00etan kontzejupean. Errealak Valentzia hartuko du Anoetan.