Eguraldi ona eta giro hobea izan zen Gaztañerreko azokan

plaentxia_com 2010ko aza. 15a, 14:33

Argazki guztiak MEDIATEKAn zintzilikatu ditugu. Gaur Gaztañerreko azken ekitaldia izango da, ardo eta gazta dastaketa, 20.15etan Plaza Zaharrean.

 
 
 
 
 
Goizeko 10:00ak inguru zirenean txalaparta hotsekin batera ireki zen Gaztañerreko azoka. Orduan oraindik jende gutxitxo zebilen eta eguerdira arte ez zen zen feria bete. Hala ere, giro bikaina zen kalean, zerua oskarbi, tenperatura bikaina eta kaleak baserrittarrez beteta, baserriko eta kaleko baserrittarrez. 
 
Zubi nagusian kanpoko produktuak ziren nagusiki, Erregetxean berriz baserritarrak jan-edana salduz, artisauek berriz, narrua, egurra eta bestelako materiala landuz egindako lanak. Nekazariek ere ganadua erakusgai eduki zuten. Betiko legez, baserritarrek dotore-dotore prestatu zituzten beraien postuak, barazki eta fruten kolore biziekin apaindu zituzten mahaiak. Eguerdi aldera Urrats Dantza taldeak bete zuen Erregetxea. Gero, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak ederki aritu ziren, baserrittarrak omendu aurretik.
 
Zeleta eta Iriarte baserrietako nagusiak aurtengo protagonistak 
Aurtengo omenduak Zeleta baserriko Maria Ariznabarreta eta Iriarteko Esteban Maiztegi izan dira. Alkatearen eskutik artisauek egindako oroigarria jaso zuten biek. Gero, azokako postu dotoreenak eta ekarritako generoa saritu zuten. Iazko irabazleak errepikatu egin ziren: posturik onena Osintxuko Lezarri baserriarena izan zen, Arizaga baserria eta Arrieta (Arritxu) baserria azkena. Artisauen oparia jaso zuten eta 170, 110 eta 80 euro ere bai hurrenez-hurren.
 
Pil-pileaneko lagunak Plaza Zaharreko karpan aritu ziren jo ta ke taloak egin eta egin eta pintxoak saltzen. Jendeak gainera, ilada luzeak sortu zituen taloaren zain. Babajana ere bertan izan zen. Bazkariko ia txartel guztiak saldu ziren eta 150 lagun inguruk bertan egin zuten jana.
 
Bazkalostean jaiak aurrera egin zuen. 19:00ak aldera Xero Xietteren erromeria izan zen eta gaztetxeak batukada antolatu zuen, Senegaleko lagunak kalean zehar eta gaztetxea girotzen aritu ziren. Gauean Emon!-ek girotu zuen gaua eta batzuk goizaldera arte luzatu zuten jaia.
 
Ardo eta gazta dastaketa gaur Plaza Zaharrean
Gaztañerre ez da egun bakar bat izaten. Aurreko astetik datoz ospatzen ekitaldiak, hitzaldiak eta ikastaroak. Gaur da Gaztañerre eguna eta gaur ere bada zer ikasi. Bizikale merkatari elkarteak Joserra Agirianoren azalpen eta gidaritzapean ardo eta gazta dastaketa antolatu baitu. Plaza Zaharreko karpan izango da, iluntzeko 20.15ean. Sarrerak herriko dendetan erosi daitezke, 5 eurotan.
 
{mosimage} 
{mosimage} 
{mosimage} 
{mosimage} 
{mosimage}
{mosimage} 
{mosimage} 
{mosimage} 
{mosimage} 
{mosimage} 
 
Argazki gehiago MEDIATEKAn.