Atzo Udalbatzarra izan zen udaletxeko saio aretoan. Alde batetik, herri barruko bideen erabileraren eta bertako trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautuko dituen udal ordenantza onartu egin zen. Udal Gobernu taldearen aldeko lau botu (Mikel Santiagok ezin izan zen batzarrera joan) eta oposizioaren abstentzioarekin onartu egin zen.
Azaroaren 25a, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, Adierazpen Instituzionala alderdi guztiek aho batez onartu zuten.
Gobernu Taldeak mozioa aurkeztu zuen, "azken asteetan Euskal Herriko gazteriaren aurkako" atxiloketen harira "Euskal Herrian agertoki berri bat finkatze aldera". Oposizioaren aurkako 6 botu eta Udal Gobernu Taldearen aldeko 4 bozkarekin, ez zen mozioa onartu.
Honetan gain, urgentziazko mozio bi aurkeztu zituzten. Alde batetik ezker abertzaleak Sahararen aldeko mozioa irakurri zuen. Aldeko lau botu (Udal gobernu taldea) eta oposizioarekin abstentzioarekin onartu egin zuten. Mozioak besteak beste, ondorengoa zioen: "Marokoko armadaren interbentzioa gogor gaitzestea, bereziki astelehenean, azaroak 8, burututakoa. Bertan gutxienez 11 saharar hilik suertatu dira, Marokoko poliziak eta armadak egindako tiroengatik. Marokoko agintariei eskatzea manifestari baketsuen kontrako ekintza bortitzei amaiera eman diezaietela berehala, bai eta saharar herriaren aurkako errepresio geroz eta handiagoari".
Bestetik, PSE-EE taldeak "terrorismoaren biktimen alde" urgentziazko mozioa aurkeztu zuen. Ezker abertzalea eta EA abstenitu egin ziren eta EAJ, PSE-EE eta PP-k alde bozkatu zuten, mozioa onartuz.