Sorako "A" Erregionalak irabazi zuen zapatuko derbia

plaentxia_com 2010ko aza. 8a, 13:07

Lehen zatia nahiko berdinduta joan zen eta B Erregionalak izan zituen gol aukera batzuk. 

 
 
 
 
 
 
Sorako Erregionalek elkarren aurka jokatu zuten azken partidua eta A Erregionala irten zen garaile, 3-0-eko emaitzarekin. Lehenengo zatiko 40 minutura arte hutsna mantendu zen markagailua, B Erregionalen defentsa onari esker nahiko berdinduta egin zuten lehen zatia eta gol aukeraren bat ere izan zuten. 1-0-eko emaitzarekin amaitu ziren lehen 45 minutuak eta bigarren zatian etorri ziren beste bi golak. Derbia lagun giroan jokatu zuten eta gero, denak elkarrekin afaltzera joan ziren.
 
Txapelketara itzuliz, emaitza honek ez dio B Erregionalari lagundu, denboraldia hasi denetik burua ezin altxatuta baitabiltza, puntu bakarra lortuta. Txanponaren beste aldea da A Erregionala, ia partidu guztietan lortu dituzte 3 puntuak eta sailkapenaren jaun eta jabe dira orain jardunaldi askotatik. Datorrenean Eibartarrak-en aurka arituko beharko dute Unbeko zelaian. B Erregional taldeak berriz, Urki hartuko du Ezozin. 
 
Sorako Jubenilek 3-1 galdu zuten Lazkaoren aurkako norgehiagoka. Jubenilek 2 puntutxo batu dituzte oraingoz, bere azken aurkariak aitzitik, 19 puntu ditu eta sailkapenaren goialdetik begira. Ea hurrengo lehian hobeto doakien, Urola B hartuko dute Ezozin. 
 
Kadeteen egoera da agian Sorako taldeen artean latzena. Azken partidan, 3-9 Eibar B-ren galdu eta gero, ez dute lortu sailkapenean estreinatzerik.  Datorren asteburuan atseden hartuko dute.