Herriko kulturgileek herriko lokalen erabileraren gaineko proposamena luzatu diote Udalari

plaentxia_com 2010ko urr. 21a, 12:50

Atzo Kultura Batzordera eraman zituzten eskaerak. Lokalak egokitzerako orduan Udalaren eta kultur taldeen artean elkarlanean jarduteko beharra adierazi dute.

 
 
 
 
Kultura Batzordea egin zen atzo arratsaldean udaletxean eta herriko kulturgileek, herriko lokalen azpiegituren gainean hainbat eskaera jasotzen dituen proposamena luzatu zien Batzordeari. Proposamena Kulturaren Mahaian eztabaidatu dute eta besteak beste, ondorengo kultur taldeek sinatu: Urrats Dantza Taldea, Ezoziko Ama Abesbatza, Kukumixo Aisialdi Taldea, Soraluzeko  Danborrada, Pil-Pilean Euskara Elkartea ...
 
Herriko zinegotzei egindako eskaerak, herriko lokalen erabileraren gainean egin dituzte. Alde batetik, Merkatu Plazan brigadarena den lokala herriko kultur taldeen beharrak asetzeko erabiltzea nahi dute, "taldeek biltzeko eta euren tresneria gordetzeko espazio egokia izan dezaten". Modu horretan, gaztetxokoa bertan kokatu ordez, Kiroldegira aldatzea eskatzen dute, "squash gaineko lokala eta haren parean dagoen terraza horretarako erabiltzea" nahi dute. 
 
Bestalde, jakina da Estaziño kalean egiten diharduten etxeetan udaletxearendako lokal bat egongo dela, bada, kulturgileek lokal horren zati bat arte eszenikoak (dantza taldea, abesbatza...) lantzen dituzten taldeendako bideratzea eskatu dute. 
 
Proposamenaren sinatzaileek lokalak egokitzerako orduan udalaren eta kultur taldeen artean elkarlanean jarduteko beharra adierazi dute: "Taldeon aldetik prestutasun osoa dago, ekipamendua nola egin pentsatzeko eta baita lokal horiei bizitasuna emateko". 
 
Zinegotziek hurrengo egunetan jakinaraziko dute euren iritzia.