Bihar arratsaldeko 18:00etan gurasoen eta seme-alaben gatazkak hizpide izango dira Zinean, Atxolin Guraso Elkarteak antolatutako hitzaldian: "Convivencia y resolución de conflictos entre
padres/madres e hijo/as", horixe izango da gaia eta Carmen Santamariak egingo du berba.
Santamaria GEUZ, Gatazkak Eraldatzeko Unibertsitate-zentroko kidea da, Euskal Unibertsitatetik sortutako taldea da eta arlo desberdinetan lan egiten du, trebakuntza ezberdinez baliaturik, partaideek euren gatazkak
konpondu/eraldatzeko trebetasunak lantzen dituzte lankidetzan
oinarritutako moduak ikasteko.
Gurasoen eskola sortzeko asmoa
Esther Kruz, Atxolin Guraso Elkarteko laguna izan da biharko hitzaldiaren antolatzailea. Azaldu duenez ekimenok elkarbizitza gaia lantzen jarraitzeko dira, horrekin lanean segitzeko bide bat dira. Horren harira, gurasoen eskola bat sortu nahi dute elkartetik: "Gure asmoa gurasoen eskola bat sortzea da, horrelako hitzaldiek gurasoak sentsibilizatzeko eta beraien aldetik ere inplikazioa lortzeko balio dezakete" dio Cruzek. Antza denez, Guraso Elkarteko kideen aldetik inplikazio haundiagoa lortu nahi dute, lagun kopurua ere dezente jaitsi delako: "Hasieran 20 lagun inguru ginen, eta orain 5 baino ez gara".
Jose Amiamaren hitzaldiak azaroan
Datorren hilean beste bi hitzaldi egingo dituzte, biak Jose Amiamaren eskutik izango dira. Lehena, azaroaren 9an izango da, bestea 16an. Amiama, Donostiako Filosofia Fakultateko irakaslea da eta elkarbizitzan zein guraso eskolen gaian aditua da.
Datozen hitzaldiak
Azaroak 9: "Nola bideratzen dugun heziketa etxean eta eskolan"
Azaroak 16: "Elkarbizitza: eskola eta familia, bi sistema ezberdin helburu batekin".