Asier Etxenike: "Azterketa egiteko etxe hutsak eta herritarren eskariak hartuko ditugu kontuan"

plaentxia_com 2010ko urr. 18a, 15:38

Aztikerreko langileek prentsaurrekoa eman dute gaur eguerdian Soraluzeko etxebizitzen gaineko ikerketaren gakoak azaltzeko. Ezkerretik eskumara: Beñat Jauregi, Asier Etxenike eta Jose Luis Arizaga udaletxeko saio aretoan.

 
 
 
Gaur eguerdian prentsaurrekoa eman dute Jose Luis Arizaga alkateak eta Soraluzeko etxebizitzen premia aztertzen diharduten Aztikerreko langileek. Azken hauek azaldu dutenez, Soraluzeko udaletxetik deitu zienean ikerketa bi ataletan banatuko zutela erabaki zuten, eskaria aztertuz eta etxe hutsen azterketak eginez eta atal bakoitzari bere metodologia aplikatuz.
 
Eskariari dagokionez, herriak ze behar dituen ikertzea izango da helburua. Horretarako, auzaz erabakitako telefono inkestak egiten ari dira udalak kontratatutako bi langile, 650 dei denera. Aztikerreko Asier Etxenikek azaldu duenez, bi aste t´erdi iraungo du azterketak. Aurreko astean hasi ziren eta beraz, datorren asterako amaitzea aurreikusten dute. Helburua zein den kontatu du: "Azterketa honekin herritarren beharrak detektatu nahi ditugu. Etxez aldatzeko beharra dutenenak edo lehen etxebizitza eskuratu nahi duten gazteen beharrak identifikatu. Hala nola, alokairurako edo erosketarako ze prestutasun duten ikusi, etxea zenbat logelakoa izatea nahi duten edo zenbat medukitzea gustatuko litzaikeen". 
 
Errolda eta uraren kontsumoa, etxe hutsen egoera aztertzeko bideak
Bigarren metodologia etxe hutsen azterketan datza. Lagina, herri guztiko etxebizitzek osatuko dute: "Bi datu base erabiliko ditugu: errolda eta ur kontsumoko datu basea. Horien bitartez hiru etxebizitza mota bereizi ahalko ditugu: jendea bertan bizi direnak, zalantzan dauden etxeak eta azkenik etxe hutsak" kontatu du Beñat Jauregi Aztikerreko beharginak. Esan duene behaketa sistematikoa izango da eta bi pertsona arduratuko dira etxez-etxe, behaketak egiteaz.