Tentsio momentuak izan ziren hereneguko Udalbatzarrean. Hiru puntu nagusi ziren Udalbatzarrean lantzeko aurreikusita zeudenak: etxepeetako lokalak etxebizitza moduan erabili ahal izateko ordenantza aldaketak, Mendiola Industrialdeko sarrera hobetzeko proposamena eta Ezker Abertzaleak azken egunotako atxiloketak salatzeko aurkeztutako mozioaren bozketa. Etxepeetako lokalak etxebizitza moduan erabili ahal izateko ordenantza aldaketa aho batez onartu zen eta industrialdeko sarrera hobetzeko proposamena ere bai. Atxiloketak salatzeko Ezker Abertzaleak aurkeztuta mozioa ez zen onartu eta EAJrenaren bozketan abstentzioak irabazi zuen. Udalbatzarraren amaitu aurretik ordea Larraitz Lakuesta zinegotziak azken egunetan atxilotutakoen tortura salaketak irakurri zituen eta PSEE eta PPko zinegotziek saio aretoa utzi zuten.
Mendiola Industrialdeko sarrera hobetzeko aukera aho batez onartu ze
Foru Aldundiari Mendiola Industrialdeko sarrera hobetzeko egitasmoa aho batez onartu zen. Egitasmo hau Unamuno enpresa parean errotonda berri bat egitean datza. Errotonda honek bi irteera izango ditu, bat Unamuno enpresarantz eta bestea Mendiola industrialderantz. Horrela autoek herrira sarbide zuzena izango dute. EAJko Iker Aldazabalek azaldu zuen EAJk aldeko botua eman zuela hiru alternatiben artean “egokiena” dela iritzita. Hala ere proiektuaren inguruko “zalantzak” dituztela adierazi zuen. Alkateak hitza hartu eta ikerketetan ibili diren teknikoek hobesten duten aukera dela azpimarratu zuen eta EAJri beste alternatibarik izanez gero bertan aurkezteko eskaera egin zion. Roke Akizuk bere aldetik, jeltzaleei erantzun zien zalantzak eurak ere badituztela hainbatetan eta bidegurutzearen birmoldaketan kaltetuko den harizti bat ekarri zuen gogora, "tamalez, alternatiba bakarra hori da eta miraririk ezin da egin".
Tentsioak gora egin zuen Lakuestak atxilotuen tortura-testigantzak irakurri zituenean
Aurrez iragarri bezala, ezker abertzaleko zinegotziek errepresioaren aurkako mozioa aurkeztu zuten. EAk mozioa babestu zuen baina mozioak ez zuen aurrera egin gainerako oposizioko alderdiek aurkako botua eman zuten eta. Mozioak azken asteotako atxiloketak salatu eta “ideia eta proiektu guztiak demokratikoki” defendatzeko aukera aldarrikatzen zituen, besteak beste. EAJ-k bere aldetik, bigarren mozio bat aurkeztu zuen. EAJko bozeramaileak azpimarratu nahi izan zuen, EAJk beti egin duela oinarrizko eskubideen defentsaren alde eta "bortizkeriak beti bortizkeria ekartzen duela. Gu beti egongo gara bakearen eta bakegintzaren alde" adierazi zuen. EAJk aurkeztutako mozioaren bozketan berdinketa gertatu zen. EAJko hiru zinegotziek alde bozkatu zuten eta PSE-EE eta PPko hirurek aurka, EA eta Ezker Abertzaleko zinegotziak berriz abstenitu egin ziren. Bigarren bozketa egin eta emaitza errepikatu zela ikusita, alkateak kalitatezko botua baliatu eta abstentzioa gailendu zen.
Eguneko aztergaiak amaitu eta eskari eta galderen tartea zabaldu zenean, Larraitz Lakuesta zinegotziak, azken asteetan Espainiako Poliziak atxilotutako gazteek salatutako torturen testigantzak irakurriko zituela adierazi zuen. Lehen berbak esan orduko, Soledad del Bosque PSE-EE-ko zinegotziak bere aulkitik altxatu eta saio aretotik alde egin zuen. Gertaera horrek Udalbatzarrera joandako herritar batzuk haserrarazi egin zituen eta oihuak bota zituzten zinegotzi sozialistaren aurka. Tentsioak gora egin zuen aretoan eta Borinaga eta Garmendia zinegotziak ere irten egin ziren aretotik. Giroa lasaitu zenean Lakuestak testigantzak irakurri zituen. Bukatzeko, urriaren 30ean Torturaren aurkako Nazioarteko manifestazio nazionalera joateko deia egin zuen.