Udalbiltzaren aldeko babes taldearen agerraldia

plaentxia_com 2010ko uzt. 5a, 12:36

100 lagunetik gora bildu ziren auzia bertan behera lagatzea eskatzeko. 

 
 
 
 
 
 
 
Udalbiltzari babesa emateko Soraluzen osatu den Babes Taldeak zapatuan bere lehen agerraldia egin zuen. Agerraldian 100 lagunetik gora bildu ziren, tartean, Soraluzeko Ezker Abertzalea, EAJ, EA eta LAB (Udalbiltzaren sorrerako kideak 1999an) eta beste hainbeste soraluzetarrek eman zioten babesa.
 
Soraluzeko Babes Taldeak azaldu duenez, bere egitekoa Udalbiltzako 22 kideen kontra Espainiako Auzitegi Nazionalak zabaldutako auzia bertan behera lagatzea lortzea da. Agerraldian adierazi zuten, akusazioak auzipetuen kontra delitu zantzua duen froga bakar bat ere ez duela eta Udalbiltzak garatutako jarduerak kultura, hezkuntza, ekonomia eta politika alorrekoak izan direla. Hori terrorismotzat jo eta Udalbiltzako 22 kideri 10 eta 25 urte arteko zigorrak jartzea zentzugabekeria dela azpimarratu zuten eta Espainian Estatuaren totalismoaren erakusgarri garbia dela salatu.
 
Hurrengo babes ekitaldiak
Datozen egun eta hilabeteetan Udalbiltzaren aldeko babesa jasotzeko hainbat ekitaldi antolatuko dituzte.
-Eguazten honetako Udalbatzarrean Udalbiltzaren Aldeko Mozioa eztabaidatuko da.
-Uztailaren 15ean elkarretaratzea egingo da Plaza Barrixan 19:30ean.
-Uztailaren 17an nazio manifestazioa egingo da Bilbon eta herritik autobusak aterako dira. Ekimen guzti hauetan parte hartzeko dei berezia egin die soraluzetarrei Soraluzeko Babes Taldeak.