Duela bederatzi urte Mutrikuko Bertso Eskolak bailarako gaztetxeekin elkarlanean, plazetan tokirik ez zuten bertsolari gazteei lekua egiteko bideak bilatzen hasi ziren. Helburua, bertsolari gazteei aukera bat ematea eta bertsoa gaztetxe eta jende gaztearengana hurbiltzea zutelarik.
Horrela ba, ia hamarkada bat beteko du Plazatik Gaztetxera bertso txapelketak. Aurten lau herritatik igaroko da Mutrikun bukatzeko. Barixakuan Deban izango da lehenengo kanporaketa, 22:30ean. Bertsolariak hurrengoak:
-Hodei Iruretagoiena
-Ander Solozabal
-Irati Erkizia
-Maddi Gallastegi
-Beñat Iguaran
Kanporaketa bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera. Kanporaketa guztiak jokatutakoan puntu gehien lortzen dituzten bi bertsolariek ere finalean izateko aukera eukiko dute. Ekainaren 5ean jokatuko da finala Mutrikuko gaztetxean.
Soraluzeko bertsolariak zehazteke
Barixakuan hasiko da txapelketa Debako gaztetxean. Hurrengo saioa Soraluzen izango da, maiatzaren 14an, gaztetxean noski, 22:30ean. Plaentxia.com-ek jakin duenez, oraindik zehazteke daude Soraluzen arituko diren bertsolariak eta jakin bezain laster hemen ipiniko ditugu lehiakideen izenak.
Soraluzetik Mendarora pasako da txapelketa maiatzaren 21ean eta Elgoibarren maiatzaren 28an egingo da. Azken geltokia beraz, Mutrikuko gaztetxea izango da eta bertan erabakiko da azken edizioko irabazlea.