Domeka honetan II.Musika Modernoko Lehiaketa jokatu da Bergarako
Zabalotegi Aretoan. Gipuzkoako 17 talderen artean Soraluzeko bik hartu
dute parte, Game Over eta Pearl Harbour taldeek, eta lehenengoek
entzulearen saria eskuratu dute 200 euroko diru sariarekin batera.
14 urterekin oholtza gainean gitarra astintzen
Game Over 14 urteko lau mutiko plaentxiarrek osatzen
dute. Aitor Oregi baterian, Ander Gomez eta Iker Amezua gitarra
elektriko bana eskuetan eta Eneko Oregi baxuan. Adinez gazteak
izanagatik ere, atzoko lehiaketan bi kantu eskaini zituzten eta baita
ederki defendatu ere. Lehenengo Red Hot Chilli Peppers talde
iparramerikarraren "Californication" abestia jo zuten. Gero, Berri
Txarrak nafarren "Oreka" kantua.
Debako musikariek kontzertua eskainiko dute barixakuan Zinean
Udaberriaren etorrerarekin batera Soraluzeko Musika eskolaren agenda ekitaldiz bete da. Joan den apirilaren 23an Debagoienako musikariak berriro batu ziren. Oraingoan bailarako Musika Eskolen topaketa egin zuten Arrasateko Amaia Antzokian Arrasate Musikal-ek antolatuta. Sei musika eskolek hartu zuten parte, Soraluzek, Bergarak, Oñatik, Eskoriatzak, Aretxabaletak eta Arrasatek.
Aurrera begira ipinita, barixakuan Deba Musikaleko ikasleak etorriko dira herrira Zinean kontzertua eskaintzera. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da ekitaldia. Soraluzekoak martxoaren 12an izan ziren Deban eta orain eurak etorriko dira itzulerako kontzertua jotzera, trikitixa, bibolina, txistua, tronpeta, saxofoiak, soinuak, dantzariak, korala eta banda arituko dira besteak beste.
Bestalde, maiatzaren 12an Eskolak Plaentxi ikastetxeko haurrentzako ipuin musikatua antolatu du frontoian, 16:15etan.