Lau hilabete baino ez dira geratzen 2010eko Santiago-Santana jaiak ailegatzeko eta egitaraua prestatzeko Jai Batzordea eta Galtzagorriak bilera egingo dute hile honetan. Lehenengoak apirilaren 15ean bilduko dira, 20:00etan udaleko saio aretoan. Galtzagorriak berriz, hurrengo egunean, 16an, 18:00etan Pil-pileaneko lokalean. Bi bilerak parte hartzeko gogoz dagoen guztiari zabalik daude eta beraz, irekiak dira.
Ahal den jende gehien bustiko duen egitaraua
Udaleko Jai Batzordea bigarrenez bilduko da apirilaren 15ean. Aurreko bileran 15 bat lagunek hartu zuten parte eta "ilusioa eta lanerako gogoa" nabarmendu zuten. Aurten herritarren parte hartzean sakondu nahi dute. Horrela, herriko ahalik jende gehien bustiko duen egitaraua prestatu nahi dute, adin guztietako herritarrak bilduko dituena, haur, gazte, nagusi eta heldu. Iaz abuztuko Andra Mari jaiak batzorde beretik antolatu baziren ere, autengoan aparte bideratzea erabaki dute "jai hauetan parte hartzen duen jendea beste bat delako eta jaien izaera ere desberdina delako".
Partehartzaileago eta euskaldunago
Galtzagorriek bereziki gazteeri begirako egitaraua jorratzen dute baina jende guztiari ateak zabaltzeko borondatea dago taldean. Kideek Pil-Pileani azaldu dienez, 16ko bilkuran iazko jaien errepasoa izango dute abiapuntu. Helburua, gero eta jai parte hartzaileagoak eta euskaldunagoak antolatzea izango dute.